Euskal Herriko Mus Txapelketako herrietako kanporaketak bukatu dituzte Goierrin. Otsailaren 24an jokatuko den Gipuzkoako Txapelketarako 33 bikote sailkatu dira

Arriarango saioko sailkatuak: Tomas Barandiaran-Axintxio Mintegi (erdian); Beñat Azketa-Beñat Oregi (aldamenetan).
Euskal Herriko Mus Txapelketak bete du lehen txanda eskualdean. Herrietako kanporaketak jokatu dituzte, eta Goierritik 33 bikote sailkatu dira Gipuzkoako Txapelketarako. Bigarren kanporaketa hori Euskal Herriko finalaren atarikoa otsailaren 24an jokatuko dute, Bergaran.
Hiru asteburutan banatuta jokatu dituzte Goierriko kanporaketa guztiak. Pasa den honetan, Arriaranen, Ezkion, Gabirian, Itsasondon, Legorretan eta Zegaman jokatu dituzte azkenak.

Zegamako finalistak.
Arriarango saioa izan da jendetsuenetakoa. 17 bikotek parte hartu zuten; Tomas Barandiaran eta Axintxio Mintegi izan dira irabazleak, eta haiekin batera, Beñat Azketa eta Beñat Oregi finalistak pasako dira hurrengo fasera.
Gabirian 14 bikote bildu ziren. Josu Arnaz eta Gorka Arratibel irabazleak eta Iñigo eta Aratz Igartzabal finalistak pasa dira. Zegamatik bi bikote izango dira Bergaran: Ioritz Etxeberria eta Luis Malkorra irabazleak, eta Aitor eta Jon Arakama finalistak.
Ezkion 9 bikote aritu dira asteburuan jokoan. Txomin Bidegain eta Ximon Idiakez izan dira irabazleak, eta horrenbestez, Bergarako saioan ariko direnak.
Itsasondon 6 bikote aritu ziren, eta Joseba Usabiaga eta Mikel Sanchez irabazleak sailkatu dira. Legorretan ere 6 izan ziren jokoan elkartutako bikoteak. Berra eta Hodei Lopez pasako dira Gipuzkoako kanporaketara.