Legazpiko Udalak neguko elurteei aurre egiteko protokoloa martxan dauka. Udal langileei ahalegin bereziez gain, deia egin dute legazpiarrek ere lagundu dezaten.
Legazpiko bide nagusiak garbitzeko programa berezi bat ezarri dute. Koldobike Olabide alkatearen esanetan, «herritarrek euren eguneroko bizimoduarekin normaltasunez jarraitu dezaten».
Zirkulazio bide nagusiak garbi egon daitezen udal zerbitzuko langileak eta kontratatutako kanpoko lantaldeek goizeko lehenengo orduan ari dira egunero lanean. Finean, bideak elurrik zein izotzik gabe egon daitezen eta hala erabilgarri egon daitezela dute helburu.
Udalaren ahalegin horri baina, legazpiarren laguntza gehitzea «ezinbestekoa» dela dio, «etxebizitzetako ataria, parekoa espaloiak, garajeetako sarbideak garbi mantentzea eta abar».
Aholkuak
Espaloietatik kenduko den elurra bide bazterrean uztea eskatu dute, oinezkoei espaloietatik edo elurrik ez dagoen tokietatik ibiltzeko aholkua egin diete, autoak garajeetan sartu eta ahal dela ez ateratzea, bidaiaren bat egin behar izanez gero errepideen zein eguraldiaren egoeraren gaineko informazioa eskatzea gomendatu dute eta gatz beharra balego udalari eskatzeko adierazi dute (Udala: 943 73 70 30 eta Udaletxean: 943 10 96 62).