Jon Cadierno zumarragarrak Gasteizen ikasi zuen eta bertan lan egiten du. Aisialdian, LGTBI taldearen eskubideak defendatzen dituen Miaukatuz boleibol taldean jokatzen du. Asteburuan txapelketa bat egin zuten. Cadiernok Geografia eta
Jon Cadierno zumarragarrak Gasteizen ikasi zuen eta bertan lan egiten du. Aisialdian, LGTBI taldearen eskubideak defendatzen dituen Miaukatuz boleibol taldean jokatzen du. Asteburuan txapelketa bat egin zuten.
Cadiernok Geografia eta Lurralde Antolaketa ikasketak egin zituen. Ondoren, Arrisku eta Baliabide Naturalen masterra egin zuen Txilen. Egun, Gasteizko Udalarentzat lan egiten du, ingurumen eta jasangarritasun arloan.
Aisialdian Miaukatuz eskubaloi taldean jokatzen du. «Miaukatuz boleibol taldea 2014an sortu zen. Gasteizko mutil batzuk Bartzelonako LGTBI txapelketa antolatzen dutenak ezagutu zituzten eta beraiek ere boleibol talde bat sortzea erabaki zuten. Sare sozialen bidez deialdia egin zuten eta jokalari gehiago lortu zituzten».
2016an federatu egin ziren. «ADI (Asociacion Deportiva Iberica) elkarteko kideak gara. Elkarte horrek LGTBI taldeak biltzen ditu. Elkarteko taldeok txapelketak antolatzen ditugu. Madril, Bartzelona, Valentzia, Lisboa eta Gasteizen antolatzen ditugu txapelketak, besteak beste».
LGTBI taldeek funtzio garrantzitsua dutela dio. «Gasteizen diagnostiko bat egin zen eta kirolean lan asko dago egiteko. Futbola, batez ere, segurtasunik gabeko espazio bat da guretzako. Horrekin bukatu beharra dago. Horretarako, oso garrantzitsua da gure burua ezagutzera ematea, gure burua erakustea».
Boleibolean jokatu gabea
Hori dela eta, Miaukatuz taldean jokatzea erabaki zuen. «2016an hasi nintzen boleibolean jokatzen. Nire lehengusuak ere talde honetan jokatzen du eta oso ekimen polita iruditu zitzaidan. Izan ere, kirola eta aldarrikapena uztartzen ditu. Gainera, ez nuen boleibola ezagutzen eta kirol berri bat probatzeko gogoa nuen», aipatu du.
Pixkanaka bidea egiten ari dira. «Talde hau oso garrantzitsua da guretzat, espazio bat eskaintzen baitigu. Izan ere, Gasteizen ez dago Gay Friendly tabernarik. Pixkanaka gure burua ezagutzera ematen ari gara. Gurekin harremanetan jarri nahi dutenen mezuak iritsi zaizkigu eta asteburuko txapelketan jendea egon da harmailetan», azaldu du.
Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Paris eta Gasteizko taldeek parte hartu dute. Miaukatuz klubak bi talde aurkeztu ditu eta Gasteizko neska talde batek ere jokatu du. «Neska hauek Gasteizko boleibol taldeko jokalari ohiak dira. Oso txapelketa inklusiboa izan da. Gure taldea ere halakoa da. Ez da LGTBI izan behar taldeko kide izateko. Gure eskubideen alde dauden heterosexualek ere ateak zabalik dituzte».
Azken urteetan gauzek hobera egin dutela dio. «Madril eta Bartzelonako klubek 1.000 lagun inguru dituzte. Gasteiz, berriz, hiri txiki bat da. Baina gazteak gure eskubideen alde daudela nabari da. Beste pentsamolde bat dute. Bi urte baino gehiago eman nituen Txilen eta han ere gauzak asko aldatu dira oso denbora gutxian. Berri onak txarrak baino askoz ere gehiago dira».
Nerabeei aholkua
Cadiernok 27 urte ditu eta 19 zituenean erabaki zuen homosexuala zela esatea. «Betidanik nekien zein zen nire orientazio sexuala, baina hasieran ez zara horretaz hitz egitera ausartzen. Nik 19 urterekin erabaki nuen hitz egitea eta guztiz onartua sentitzen naiz. Noizean behin komentarioaren bat entzutea tokatzen da, baina sekula ez da hortik pasa».
Nerabeei lagunengan konfiantza edukitzeko aholkatu die. «Lagunengan konfiantza eduki behar da. Oso ezusteko politak ematen dizkizute. Baita senitartekoek ere. Maite zaituen jendea beti hor dago, zure alde».