Beasainen pozoi gehiago agertu da
Pasa den astean Ixabel Olano plaza inguruan gertatu zen bezala, herritar batek Ezkiaga auzoko Joan XXIII kale inguruan aurkitu zuen atzo arratoiak akabatzeko pozoi zati bat udaltzaingoak jakinarazi duenez. Beasaingo Udalaren esanetan, “atzo agertu ziren pozoi hondarrak kezka larria sortu du Beasaingo Udalean”. Izan ere, “pozoi mota hau arriskutsua izan liteke kontrolik gabe zabaltzen eta erabiltzen bada eta honen garrantziaz ohartarazi nahi dira herritarrak. Bereziki haurren eskuetara iristen bada edo beste edozein animaliak irensten badu”. Honela, udaltzaingoak pozoi hondar gehiago agertuko balitz edo norbait zabaltzen ikusiz gero, Udalean lehenbailehen jakinaraztea eskatzen du.
Udalak gogoratu duenez, ez da pozoi mota hau aurkitzen den lehen kasua. “Errekarte kaleko inguruetan bi bider agertu dira arratoiak akabatzeko pozoia. Duela hiru hilabete 9 katuko kolonia bateko 5 kide hil ziren pozoia irensteagatik eta aurreko astean ere ondoko parkean berriro agertu dira honen arrastoak”. Orain herriko beste kale ezberdin batean agertu da eta adi ibiltzeko gomendioa helarazi nahi da.