Udaltzaingoa, Zuhaizti zentro soziala, Barrena kultur etxea eta Babes Zibila boluntario taldeentzako dira Ordizian jarri dituzten lau aparatu berriak

Ordiziako Udalak lau desfibriladore erosi ditu Udaltzaingoa, Zuhaizti zentro soziala, Barrena kultur etxea eta Babes Zibila boluntario taldeentzako. Lau hauek, Majori eta Altamira kirol guneetan zeudenei gehitzen zaizkie. Desfibriladoreak jartzeaz gain, erabileran trebatzeko ikastaroa ere eman diete Osakidetzako medikuek udaletxeko langi-leei, Babes Zibilako boluntarioei, Zuhaizti elkarteko arduradunei, Udaltzainei, kiroldegiko langi-leei, kirol taldeei eta turismo bulegoko eta kultur etxeko langi-leei, astearte eta asteazkenean.
Ekimena udal gobernuaren akordioaren baitan gauzatu da. Honen helburua da, udal eraikinak gailu horiekin hornitzea, bizitzak salba ditzakete eta. Lau desfibriladoreek 7.356 euroko kostua izan dute.
Ezaugarriak

Desfribiladoreak boltaje altuko deskargak ematen ditu bihotzaren erritmoa berreskuratzeko arritmia kasuetan. Horrelako kasu baten aurrean erabiliz gero, bizirauteko aukera gehiago dago. «Erabilera erraza eta segurua» dela adierazi du udalak eta «osasungintzan adituak ez direnak erabili dezakete ezagupen minimo bat izanda».
Larrialdi bat gertatzean, hori bideratzeko beharrezkoa da egoera antzematen jakitea, ahalik eta azkarren artatzea eta, desfibriladorea izanez gero, gailua erabiltzeko gai izatea. Horregatik antolatu dute aipaturiko ikastaroa. Hala, «aste honetatik aurrera, larrialdi zerbitzuak gerturatu bitartean, ezusteko kar- diako bati aurre egiteko, Ordizia prestatuagoa» dagoela esan du udalak.