Bertso desafioa Gabirian, elkartasuna ardatz
Loiolako herri harresian parte hartu, auzipetu eta epaitu zituzten Beñat?Hach Embarek ormaiztegiarrari eta Esteban Orbegozo azpeitiarrari elkartasuna adierazteko bertso desafioa egin zuten atzo gauean Gabiriako Osinalde elkartean. Sei bertsolari aritu ziren kantuan Jokin Muruaren esanetara: Gabiriako taldean Aratz Igartzabal Potto, Endika Igartzabal Anbu eta Gorka Maiz Paxtel, eta Beñat?Lizaso, Leire Ostolaza eta Haritz Etxeberia Ministro Azpeitiakoan.
Osinalde elkartea beteta zela hasi zen afaria 21:00etan, eta kantuan 22:30ak hasi ziren bertsolariak. Aurrez, atzoko juntadizoaren arrazoiak plazaratu zituen aurkezleak. Bi gazteentzako elkartasun ekonomikorako bideak irekitzea –epaitegietatik pasa ondoren, gertaeren erantzukizun zibila leporatu diete, eta 25.000 eurotik gorako isunari egin behar diote aurre–, eta bi herrien arteako bertso harremanari eustea. Izan ere, iaz jokatu zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Gabiria eta Azpeitiako hirukoak izan ziren finalaren atarian geratu zirenak.
Denetariko gaiei buruz aritu ziren kantuan: politikoak, gizarte arlokoak, umorezkoak… Goierriko nahiz Urola aldeko zaleak bildu ziren mahaira, eta giro jatorrean gozatu zuten bi orduren bueltako saioarekin.
Hilaren 17an Zumarragan
Gabiriako saioaren bide beretik, datorren astebururako bertso afaria antolatu dute Zumarragako Amalur elkartean. Hilaren 17an izango da, eta Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia ariko dira.