EH Bilduk eta Ordizia Orainek aurrekontu eza «udal gobernuaren gaitasun ezaren adierazle» dela esan dute. Egoera honen aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote alkateari
Ordiziako EH Bildu eta Ordizia Orain udal taldeek, beren kezka adierazi zuten, 2018rako udal aurrenkontu ezaren inguruan, pasa den ostiralean egindako agerraldian. Izan ere, gaur-gaurkoz, «plenoa joan, plenoa etorri, aurrekontuen proposamenari buruz galdetu» duten arren «inongo proposamenik gabe jarraitzen» dutela salatu zuten. Hori horrela, Jose Migel Santamaria alkateari, hainbat eskaera egin zizkioten.
Otsailean gaude jada, eta oposizioak agerraldian jakinarazi zuen bezala, «Ordiziak udal aurrekonturik gabe jarraitzen du». Aurrekontua, «udal batek bere funtzionamendu egokirako behar-beharrezkoa duen tresna izanik, interes alderdikoiak albora utzi eta herrira begira lanean jartzeko» eskatu zioten Santamariari.
Errepikatzen den egoera
Iaz, udal gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasun faltak, aurrekontua luzatzea ekarri zuen. Baina oposizioak gogorarazi zuen moduan, «berandu ibiltzearena, urtez urte errepikatzen ari» den zerbait da. Hori, «udal gobernuaren gaitasun ezaren adierazle» dela nabarmendu zuten.
Horrez gain, Goierriko beste udaletxe batzuetan aurrekontuak landuta eta onartuta daudela ohartarazi zuen Igor Egurenek, EH Bilduko ordezkariak: «Beasainek azaroaren 30ean onartu zituen, Lazkaok abenduaren 19an edo Zumarragak abenduaren 11n». Ordizian ordea, «aurrekontuen inguruko bilera batera ere deitu ez» dietela salatu zuen.
Alkateari eskaera
Aurrekontu ezaren inguruan kezka adierazi du Ordiziako udaleko oposizioakHonegatik guztiagatik, ondorengo eskaerak egin dizkiote, Ordiziako alkateari; batetik, «2018ko aurrekontua behar bezala landu ahal izateko udal gobernuaren lanketa aurkeztu dezala lehenebailehen». Bestetik, «ez-ohiko osoko bilkura deitu eta agerraldia eskaini dezala urtarrilaren 25eko udalbatzan aipatutako diru laguntza eta diru sarreren inguruko azalpena emateko.
Horrez gain, «argitu dezala zein urrats eman dituen gaur-gaurkoz bete gabe dauden, osoko bilkuran hartutako erabakien inguruan». Izan ere, Ordiziako udal gobernuak, «hainbat eta hainbat lan agindu ditu legeak derrigorrean eskatzen duen gastu baimenik gabe, eskura ez zuen diruarekin alegia». Hori dela eta, «ondoren etorritako fakturei aurre egiteko, dirua partida batetik bestera mugitzera behartuak egon» direla argitu zuen Mila Sukiak, Ordizia Oraineko ordezkariak.
Gainera, azken udalbatzan «alkateak jakinarazi zituen balizko finantzabide batzuen inguruan zalantza handiak» dituztela adierazi zuen Sukiak. Batetik, «alkateak, deialdia atera ere ez den diru laguntzetatik dirua jasoko duela baieztu zuelako». Bestetik, «EAJren adostasun alderdikoiari esker, Foru Aldundiak 700.000 euro iritsiko direla esan zuelako». Oraindik aurrekontu proposamenik ez dagoen une honetan «diru hori zertarako izango ote» den galdetu zuen Sukiak.
Azkenik, oposizioak, alkateari zuzendutako eskaeren dokumentua sinatu, eta «dokumentu hori alkateari berari emango» diotela jakinarazi zuten.