ARGAZKIA: Gorka Salmeron
Bakarne Jorge hil da. Aurreko larunbatean zendu zen Frantzian. Han bizi zen aktore eta soinu jotzaile legazpiarra. Itsua zen gaztetan nozitutako retinosi pigmentario baten ondorioz, bere itsutasunari aurre egin zion bizitza aldatu bazion ere. Clemond Ferrand-eko eskolan ikasi zuen bere itsutasunarekin bizitzen eta han ekin zion bere ibilbide artistikoa ere, aktore, konpositore eta akordeoi jotzaile gisa Frantzian eta Euskal Herrian ospea lortzeraino.
Kirikoketa antzerki konpainia sortu zuen eta, besteak beste,
Zure aurpegia ikusi aurretik eta
Ostiralen zain antzezlanak taularatu zituen hainbat aretotan, baita Legazpin ere. Urretxu-Zumarragako Zuhaitzaren Soinua txalaparta kolektiboarekin egindako ikuskizunak ere arrakasta handia izan zuen Europan zehar, eta Frantzian oso ezaguna den Christophe artistarekin ere kolaboratu zuen.
Azken urteak Landen inguruko Morcenx herrian eman zituen Bakarne Jorgek eta hantxe egingo diote azken agurra bihar.