Bizkaira joan da aurten Argi Berri elkarteko txapela
Ea eta Izpaztergo Luis Anjel Abortizek eta Aitor Okamikak irabazi dute mus txapelketa
Argi Berriko txapelketaren finalistak Patxi Calvillo elkarteko ordezkariarekin
Ordiziako Argi Berri elkarteko mus txapelketa azkarrak irabazle bizkaitarrak izan ditu aurten: Ea eta Izpartergo Luis Anjel Abortiz eta Aitor Okamika. Bikoteak 1.500 euroko saria eskuratu zuen larunbatean jokatutako saioan, finalean Ander Aranburu eta Axier Idiakez beasaindarrei irabazi eta gero.
Mus txapelketa honek 41. edizioa zuen aurtengoa, eta ohi bezala, partaide ugari izan zituen, Euskal Herriko 44 herritatik etorritako 121 bikote. Gipuzkoakoak ziren gehienak, eta horien artean goierritarrak nagusi; baina Bizkaia eta Nafarroa aldeko muslariak ere baziren, Sakanakoak batez ere. Bikoteen zozketarekin hasi zen lehia 16:30ean, 19:00etan oraindik final hamaseirenak jokatzen ari ziren, eta 22:00etarako amaituta zegoen.