Aurretik maiatzaren 3tik 6ra ospatzeko asmoa agertu zuen udal gobernuak, baina ekintzak lotzeko hainbat zailtasun tarteko aldatu egin dituzte
Legazpiko jai nagusiak, Santikutz jaiak, apirilaren 30etik maiatzaren 4ra ospatuko dira. Aurretik maiatzaren 3tik 6ra ospatzeko aukera aztertu zuen udal gobernuak eta proposamena jai batzordean aurkeztu ere.
Mikel Altzelai EH Bilduko zinegotziak proposamena baino erabaki gisa eman zutela salatu zuen urtarrileko osoko bilkuran eta biharamunean Iñigo Imaz kultura zinegotziak behin-behineko datak zirela azaldu zuen.
Azkenean, apirilaren 30etik maiatzaren 4ra egingo dituzte jaiak eta Mirandaola Eguna maiatzaren 6an izango da. Data aldaketa egitaraua osatzeko zailtasunak tarteko egin dute, izan ere, arazoak zeuden Mirandaola Eguna maiatzaren 13an eginda, “Sorgintxuloko irteera bat dago eta dantzariek ere arazoak zituzten egun horretan dantza egiteko”.