Semaforo berria jarri dute Beasainen Erauskin auzotik datozen ibilgailu handientzat
Beasaingo Erauskin kalea bere azken zatia norabide bakarrekoa da Beasainmendi auzora doazen ibilgailuentzat tamaina handikoak ezik. Era honoean, Garin-eneako bidegurutzean jarritako semaforoak, Erauskin auzotik datozen ibilgailu handi eta luzeei emango die bidea Erauskin kaletik behera jaisteko, tamainagatik ezin direlako pasa elizaren atzetik doan errepidetik.
Beasaingo Udalaren esanetan, “Erauskingo auzotarrekin egindako bileretako emaitzen ondotik, kokatu da tamaina eta luzera handiko ibilgailuei pasoa emango dien semaforoa (kamioiak, artikulatuak, traktoreak eta abar). Izan ere tamaina honetako ibilgailuek gainontzeko kotxeak hartu behar duten bidetik ezin dira pasa, alegia elizaren atzetik jaisten den errepidetik”.
Izan ere, udalak gogoratu duenez, “Erauskin kaletik izen bereko auzora doan bideak ez dauka bi norabideentzako espaziorik. Hori horrela norabide bakarrekoa izatekoa erabaki zen, auzora igotzeko. Honek, goitik behera datozen ibilgailuak beste errepide batetik bideratzea behartu zuen; Garin-eneako bidegurutzetik elizaren atzealdetik pasatzen den errepidera hortik Bista alai eta Martina Maiz kalera iristeko. Bide hau bihurria eta estua izanik, ibilgailu handientzat ezinezkoa zen hortik pasatzea eta ondorioz Erauskin kaletik jaitsi behar dute. Horretarako konponbidea, goitik eta behetik datorren trafikoa erregulatuko duen semaforoa jartzea izan da”.
Semaforoa jartzeko lanak amaituta, asteburu honetan frogetan piztuta egon da anbar kolorez bakarrik. Asteartetik aurrera normaltasunez funtzionatuko du txandaka bidea emanez goitik eta behetik datozenei.
Dr. Fleming kaletik jaisten diren ibilgailuentzako ere beste semaforo bat jarri da Erauskin kaleko bidegurutzean. Hortik Andre Mari kalera joan eta elizaren atzeko errepidetik herri gunera jaitsi ahal izateko.