Euskal Herriko txapelketako finalerdietara sailkatu dira Oianguko bi bikote
Ordiziako Oianguk Euskal Herriko txapelketaren azken faserako sailkatzea lortu du aurten ere, eta bi bikote goierritar lehiatuko dira finalerako txartela eskuratzeko: batetik, Beñat Ibarguren eta Zuhaitz Letamendia pala motzez, ohorezko mailan; eta, bestetik, Aitor Luzuriaga eta Azeari Andonegi, paleta larruz, EH Ligan.
Ibarguren eta Letamendia txapelketa bikaina egiten ari dira. Taldeko bigarren sailkatuak dira partida bakarra galduta. Multzoko lehen postuan den Iruñeko Tenis Clubeko bikotearen aurka galdu zuten tanto bakarrarengatik. Gainontzeko neurketa guztiak irabazita, asteburuan jokatuko dute ligaxkako azken partida, Armintzaren aurka. Azken jardunaldian, berriz, atseden dute eta emaitzen zain egon beharko dute. Hurrengo bi asteetako emaitzen arabera, lehen postuan ala bigarrenean sailkatuko dira Oiangukoak.
Luzuriagak eta Andonegik ere ziurtatuta dute finalerdietarako sailkapena, baina azken horiek ez dute inoren zain egon beharko taldeburu sailkatzeko. Gaur-gaurkoz, lehen sailkatu dira, eta asteburuan jokatuko dute puntuetara berdinduta dagoen bigarren sailkatuaren aurka, Mungiako Danak Bat taldearen kontra. Irabazten duenak egingo du aurrera lehen postuan. Luzuriagak eta Andonegik nagusitasunez irabazi dituzte orain arteko lau partidak.