Mikel Basabek Donostiako eta Nepaleko argazkiak erakutsiko ditu
Mikel Basabe argazkilari zumarragarrak Nepalen eta Donostian ateratako argazkiekin erakusketa irekiko du bihar (osteguna), Zelai Arizti kultur etxean. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da. Erakusketak bi zati ditu: Nepal: Jendea, koloreak, momentuak
Mikel Basabe argazkilari zumarragarrak Nepalen eta Donostian ateratako argazkiekin erakusketa irekiko du bihar (osteguna), Zelai Arizti kultur etxean. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da.
Erakusketak bi zati ditu: Nepal:?Jendea, koloreak, momentuak eta Donostia: barneko begirada bat. Hilaren 25a arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era eta larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Basabek Telekomunikazio Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen eta Donostiako Ikusi enpresan lan egiten du. Argazkigintza betidanik gustuko du. «Duela bi urte Donostiako Node kultur elkartearentzat argazkiak ateratzen hasi nintzen. 2016an Nepalera joan nintzen, elkartekoei argazkiak gustatu zitzaizkien eta erakusketa egitea proposatu zidaten. Zumarragan ere eskaera aurkeztu nuen eta baiezkoa eman zidaten».
Donostiako argazkiak, berriz, han egindako ikastaro batean egindakoak dira. «Irakasleak Donostiako detaileak ateratzeko esan zidan. Umetatik gurasoekin Donostiara joan naizenez, hango paseoetako tokiak atera ditut. Ibilbidea Haizearen Orrazian hasi nuen. Izan ere, hausnartu edo erabaki garrantzitsu bat hartu nahi dudan bakoitzean, hara joaten naiz. Erakusketan, Kontxa, udaletxea, Kursaal eta geltokia ere ikusten dira. Egitasmo honi esker, ikusi gabe nituen gauza asko ikusi ditut. Donostiako argazkiak ateratzen jarraitu behar dut. Postaletan agertzen ez diren txokoen argazkiak».
Erakusketa baten prezioan bi egin dituela esan daiteke. «Nepalen hiru aste eman nituen, lagun batekin. Hango bizimodua, jendea… erakusten dituzten argazkiak atera nituen. 2.000 argazkitik erakusketarako 18 aukeratzea gogorra izan zen. Zumarragako erakusketa aretoa oso handia denez, Donostiako argazkiak ere jartzea proposatu nien. Pozik nago emaitzarekin».
Nepaleko eta Donostiako argazkiak oso ezberdinak dira, noski. «Nepaleko erakusketan ate batzuen argazkiak jarri ditut ongi etorria emateko eta, ondoren, bertako jendea ageri da. Hango jendea, koloreak… zoragarriak dira. Pobreak izan arren, irribarrea beti ahoan dute eta laguntzeko prest daude. Oso jatorrak dira. Hunkituta itzuli nintzen. Oso gustura».
Donostiako argazkiak, berriz, sepia koloredunak dira. Markoak Hernaniko Artetokin egin dizkiote. Herritarrei erakusketara joateko gonbita luzatu die. «Ilusio handia egiten dit argazkiak herrian erakusteak. Ea jendea etortzen den. Sareetan kartela jarri dut dagoeneko».