Aitor Casadok eta Mar Torrijosek Etiopiara egindako bidaiatik sortu du Casadok ‘Etiopia: Ipar kulturala eta Hego basatia’ ikus-entzunezkoa
Aitor Casado bidaiari eta argazkilari legazpiarrak Islandia ekarri zuen Legazpira azken ikus-entzunezkoan. Bitan eman behar izan zuen ikusleak kanpoan geratu zirelako. Orain, paisaia erabat aldatuta dator, izan ere Etiopiara 48 minutuko bidaia egiteko aukera eskainiko du bihar, 19:30ean, kultur etxean. Emanaldia ikustera kanpotik etorriko denik ere bada, eta kultur etxeko areto nagusiko toki guztiak beteko direnaren aurreikuspena dauka Casadok.
Hiru aste egin zituen Etiopian Mar Torrijos bikotekidearekin; hamaika egun iparraldean eta beste horrenbeste hegoaldean. Lehenengo ezustea: «Abuztuan abiatu ginen eta ez genuen espero dena horren berdea izango zenik. Izan ere, guztiok lotzen dugu Etiopia lehorteekin, gosearekin…». Hiriburuan ordu gutxi egin, eta azkar asko abiatu ziren iparraldera.
Historiaz beteta dago Etiopia. Gondar edo Afrikako Camelot ikusi zuten. Mendi bueltaren bat egin zuten, baina euri garaia zen eta sasoi horretan ez dute gomendatzen treking luzerik egitea. Axum-en egon ziren, garai bateko Etiopiako hiriburuan: «Bere elizetako batean antzinako Aliantzaren Kutxa dago, bertan gorde zituzten, ustez, Hamar Aginduen taulak. Tokia zeharo bitxia da».
Etiopia utopia
Hiru egun egin zituzten
Angel Olaran misiolari hernaniarrak zuzentzen duen misioan. «Gaur-gaurkoz gehien miresten dugun pertsona da», dio Casadok. «Han egiten dabilena itzela da eta etziko proiekzioan itsulapiko bat jarriko dugu diru bilketa bat egiteko, bildutakoa hara bidaliko dugu». Angel Olaranen lanari jarraitzen dio Etiopia Utopia fundazioak eta Tigram eskualdean, gutxien dutenei laguntzea du helburu.
«Ez da karitatea, justizia baizik. Gizaki orok dugun eskubidea da: janaria, etxea, familia, osasuna, hezkuntza, lana…», dio Olaranek.
Biharko emanaldiak Etiopiara eramango ditu ikusleak eta haien alea ere haraino bidaltzeko aukera ere eskainiko du Casadok itsulapiko baten bitartez.
Lalibelan amaitu zuten iparraldeko buelta, Tigray-n hormatan industuta dauden elizak ikusi eta gero. Hegoaldean natur parkeak eta tribu ugari ezagutu zituzten, nork bere ohiturak dituztenak, bata bestearengandik oso ezberdinak. Ikus-entzunezkoan Casadok Etiopiari buruzko zertzelada gehiago emango ditu. Jakingarriak, gure begietara bitxikeriak diren ezaugarriak, datu historikoak, demografiari dagozkionak eta abar luze bat. Besteak beste, kontatuko du Etiopian 2010. urtean bizi direla. Hango egutegiak hamahiru hilabete ditu, 30 eguneko hamabi eta bospasei eguneko beste bat. Angel Olaranen lanari tarte berezia eskainiko dio Casadok, eta Omo Child gobernuz kanpoko beste erakunde bati buruz ere arituko da. Hain justu, mingi haurrak hartzen dituen erakundea da. Haurrok madarikatuta daudenaren ustea dela eta, abandonatu egiten dituzte sabanan eta Omo Child-ekoek jaso eta aterpe ematen diete. Ur eskasiaz, tribuen nolakotasunaz, kafeaz, teff zerealaz… Ez dira hizpideak faltako Etiopia Legazpira etorriko den emanaldian.