«Adimen emozionala derrigorrezko ikasgaia izan beharko litzateke eskolan»
Azken urteotan adimen emozionala mindfulness bidez lantzeko ikastaroek interes handia piztu dute jendearengan, eta horregatik, nabarmen egin dute gora. Baina, zer eta ...
Azken urteotan adimen emozionala mindfulness bidez lantzeko ikastaroek interes handia piztu dute jendearengan, eta horregatik, nabarmen egin dute gora. Baina, zer eta nola lantzen da? Emozioak kontrolatzen ez dakien gizarte bat al da hau? Mertxe Arratibel (Durango 1962) genero hezitzailea eta mindfulness-ean aditua da.
Zer da adimen emozionala?
Norberaren emozioak ondo kudeatzea. Amorrua, beldurra, tristura edota haserrea bezalako sentipen negatiboak kudeatzen ikasteko erremintak ematen ahaleginduko naiz. Blokeatzen gaituzten emozioak eta nahi bezala jokatzen uzten ez diguten sentipen horiek kontrolatzen, alegia.
Generoaren ikuspegitik lantzen duzu zuk adimen emozionala.
Bai, hala da. Genero ikuspegitik, behar handia dagoela uste dudalako. Baina horregatik ez da emakumezkoei bakarrik zuzendutako tailerra. Talde mistoa izango da. Bikoteentzako oso aproposa izan daiteke.
Gizaki guztiok dugu alde maskulinoa eta femeninoa. Emakumeok alde maskulinoa garatu gabe dugu, gizarteak berak uzten ez digulako. Eta, gizonezkoek ez dute alde femeninoa garatuta. Bai emaku-meak eta baita gizonak ere, orekatuta egoteko, biak garatzea beharrezkoa da.
Zein da helburua?
Esandakoaren inguruan kontzientzia hartzea eta ondoren, bakoitzak bere beharrak asetzeko erabakiak hartzea. Gizonen eta emakumeen arteko erlazioak hobetzen laguntzen du honek guztiak, horregatik diot bikoteentzat aproposa izan daitekeela.
‘Mindfulness’ bidez landuko duzue adimen emozionala. Zertan datza?
Mindfulness-a bizitzeko modua da eta arreta guk gobernatzea esan nahi du. Pentsamenduak eta emozioak kontrolatzen ikastean datza. Izan ere, orokorrean, alderantziz gertatu ohi da. Erabakiak hartzerako garaian, oso lagungarria izan daiteke, egoera desberdinen aurrean erantzunak bilatzeko erremintak emango baititut.
Emozioei dagokienez, nolako gizartearen aurrean gaude?
Emozioen inguruko heziketa falta nabarmena da. Egia da apurka-apurka eskoletan ari direla lanketa hori egiten, baina oraindik bide luzea dugu aurretik. Eskoletan, derrigorrezko ikasgai bezala jarri beharko luketela ere uste dut.
Ordizian talde berria sortuko dute eta izena eman daiteke
Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak antolatuta, adimen emozionala mindfulness bidez lantzeko talde berria sortuko dute. Genero ikuspegia da landuko dutena eta talde mistoa izango da. Bi orduko bost saio izango dira, bi astean behin. Otsailaren 19an hasiko dira eta izen-emate epea zabalik dago jada. Horretarako, 943 80 56 10 telefonora deitu edota kaltuna@ordizia.eus e-postara idatzi.