Legazpiko Udala Laubiden eraikitzen ari den igogailu pareko lur saila alokatzeko akordioa sinatu bidean da
Laubide auzoan urte luzetan erabili izan den aparkaleku bateko erabilera bertan behera geratu ondoren, aparkaleku bat izateko eskaera egina zuten bizilagunek. Legazpiko Udaletik jakinarazi dutenez eraikitzen ari diren igogailuaren pareko lur saila alokatzeko akordioa itxi dute eta sinatu bidean dira.
Baratzeak daude egun aparkaleku bihurtuko duten lur sailean. Aurreko otsailaren 12ko gobernu batzordean igogailu paretik Goierri tabernaren pareraino doan lur saila alokatzeko kontratua izenpetzea onartu zuten.
Alokairu-kontratua hamar urterako sinatuko dute eta hileko errenta 100 eurokoa izango da BEZa kanpo.
35 toki berri aparkatzeko
«Zonaldean aparkatzeko dauden arazoei» erantzuteko neurria dela diote udaletik. Udalak lur saila egokitu eta behin-behinean aparkaleku gisa erabiliko da. Lanak hasi aurretik aparkatzeko zenbat toki sortuko dituzten aurreikusi dute. Hain zuzen, 35 bat toki berri egongo dira lur sail osoa kontuan hartuta. Izan ere, bide batez, Gure Kabia tabernaren parean eta Eroski dendaren parean dagoen lur saila ere egokituko dutela adierazi dute udaleko iturriek eta aparkaleku handiagoa egingo dute. Behin alokatzeko kontratua sinatuta, gunea egokitzeko lanak kontratatzea izango da hurrengo urratsa. Gaur-gaurkoz tokia lokatzez beteta dago eta ahal bezala aparkatzen dute bizilagunek.