Nerabeen droga kontsumoari buruzko mahai-ingurua
Datorren asteartean, 18:30ean, nerabeen droga kontsumoari buruzko mahai-ingurua egingo dute Urretxuko Labeaga aretoan. Ekitaldi hau nerabeen osasunerako lan taldeak antolatu du eta moderatzaile lana bi kirolari ezagunek egingo dute: Dani
Datorren asteartean, 18:30ean, nerabeen droga kontsumoari buruzko mahai-ingurua egingo dute Urretxuko Labeaga aretoan. Ekitaldi hau nerabeen osasunerako lan taldeak antolatu du eta moderatzaile lana bi kirolari ezagunek egingo dute: Dani Garcia Eibar taldeko jokalariak eta Igone Campos eskiatzaile eta korrikalariak.
Ekitaldi hau nerabeen gurasoei zuzendua dago, baina herritar guztiek parte har dezakete. Helburua drogen kontsumoari buruz hausnartzea eta kontsumo arriskutsuei buruz sentsibilizatzea da. Mahai-inguruan lau lagunek parte hartuko dute.
Javier Calzada Goierri-Urola Garaia erakunde sanitario integratuko Pediatria buruak alkoholak eta kalamuak nerabeen burmuinean duten eraginari buruz hitz egingo du. Urretxun eta Zumarragan bizi den aita gisa duen ikuspuntua ere azalduko du.
Alberto Ruiz de Alegriak gizarteak adin txikikoen kontsumoa nola ikusten duen azalduko du, eta kontsumoa ulertzeko modu horrek arriskuaren pertzepzio ezan nola eragiten duen aipatuko du. Ruiz de Alegria Norbera programako psikologoa eta zuzendari teknikoa da. Norbera, Gizakia Helbururen programa bat da, egoera zaila duten nerabeei eta beraien senitartekoei laguntzen diena.
Unai Perez de San Romanek, berriz, gazteentzako ekitaldietara joaten direnean aurkitzen dutena azalduko du. Perez de San Roman Ai Laket elkarteko kidea da. Ai Laketekoak jaietara eta gazteentzako ekitaldietara joaten dira eta drogei buruzko informazioa ematen diete. Urretxuko ekitaldian Perez de San Romanek Lonja-Laket proiektuari buruz ere hitz egingo du. Honen helburua garitoetan dauden arriskuak gutxitzea da.
Eva Ammannek familiak, arauek, harremanek, gizarteak, nerabezaroak… kontsumoan duten eragina azalduko du. Ammann Ibaiondo adin txikikoen zentroko psikologoa eta zuzendariordea da.
Lan taldea Mahai-inguru hau nerabeen osasunerako lan taldeak antolatu du. Programa honetan lizeoko, institutuko, La Salle-Legazpi ikastetxeko eta UGLEko ordezkariek, osasun zentroek, Ertzaintzak, minbiziaren aurkako elkarteko ordezkari batek eta nerabeekin lotura duten udal zerbitzuek parte hartzen dute: gizarte zerbitzuek, Urola Garaiko Berdintasun teknikariak, Gazte Bidean egitasmoko ordezkariek eta udaltzaingoek.
Talde hau 2011n sortu zen, Urretxuko eta Zumarragako nerabeekin lan egiten duten profesionalek beraien esperientziak eta ikuspuntuak trukatzeko. Nerabeek erabaki zuzenak hartzea helburu duten ekitaldiak antolatzen dituzte, besteak beste.