San Joan egoitzako bilketa gunean edukiontziak jarri dituzte zerrailarekin. Martxoaren 5etik aurrera organikoarentzako eta pixoihalentako edukiontziak jarriko dituzte herriko hainbat puntutan.
Pasa den urtean hondakinen bilketa hobetzeko helburuarekin hausnarketa prozesua egin zuten herritarrek Seguran. Ondorioetako bat, San Joan egoitzaren ondoan bilketa gunea jartzea izan zen. Gaur, inauguratu dute zerraila bidez irekiko den bost edukiontziko bilketa gunea; San Joan egoitzakoek bakarrik erabili ahal izango dute.
Bigarren ondorioa martxoaren 5etik aurrera jarriko da indarrean: Atez ateko bilketa berdin mantenduko da, baina organikoarentzako eta pixoihalentzako edukiontziak jarrita osatuko da zerbitzua. Beira edukiontzien ondoan kokatuko dituzte eta egunero ireki ahal izango dira poltsa konpostagarriak lortzeko erabiltzen den txartelarekin.
Dena den, pixoihalentzako edukiontzia erabiltzeko beharra dutenek, udaletxera jo behar dute bere egungo txartela eguneratzera. Ordutegia ondorengoa da: 08:30etik 14:00etara eta astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan 15:30etik 17:30era.
Segurako Udalak adierazi duenez, “hondakinen bereizketa ondo egitea ezinbestekoa da. Gaizki egiten edo arazo bihurtzen bada, udalak zerbitzu berria kentzea baloratuko du”.