Euskal ekoizpeneko 'Handia' filmak Goya sarietan 13 izendapen eta horietako 10 sari eraman ditu. Jose Mari Goenaga gidoilari ordiziarra ere proiektu garrantzitsu honetan aritu da buru-belarri lanean.Inoiz euskal film batek izandako arrakastarik handien...
Jose Mari Goenaga.
Inoiz euskal film batek izandako arrakastarik handiena izan du Altzoko erraldoiaren istorioa kontatzen duen
Handia filmak, Espainiako Zinema Akademiak urtero ematen dituen Goya sarietan. Moriarti ekoizpen etxearen film sarituenean aritu da Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) gidoilaria eta sari banaketaren gala nola bizi izan zuen eta ondorena ere nolakoa izaten ari den kontatu du.
Lainoetan egongo zara oraindik ala?
Lur hartuta nago gutxi gora behera. Lehendabiziko bi egunak izan ziren eroenak. Gertatutakoa asimilatzea kosta egiten da eta kaletik ere jende askok zoriondu ninduen. Oso atsegina izan da.
Orain, film labur bat grabatzen hasiko gara. Buru-belarri sartu naiz horretan. Medioekin egote hori, hurrengo film laburrarekin konbinatu dugu. Hainbat proiektu martxan genituen eta horretan lanean jarraitu behar genuen.
13 izendapen eta horietatik 10 sari eraman dituzue. Gidoi onenaren saria da bat. Nolakoa izan zen oholtzara igotzeko une hura?
Aitortzen dut ez nuela une hura prozesatzeko denborarik izan. Une hartan,ez nuen uste sari hori ere guri emango zigutenik, ez nuen itxaropen gehiegirik egia esan. Sari pare bat baino ez genituela eramango uste nuen.
Halako batean, bata, bestea eta bestea erortzen hasi ziren. Eneko Sagardoyren saria lehenik.Hori eramatea posible zela ikusten genuen. Jantziarena ere iritsi zen, eta pozik. Hirugarrenak deskolokatu egin ninduen guztiz, muntaia onenaren saria izan baitzen eta hura bai ez genuela espero, teknikoki sari handia baita.
Eta gidoiarena iritsi zenean, hura ere ‘Handia’-rentzat.
Bai, hala da! Galako eskaleta genuen eta bagenekien zein ordenatan emango zituzten sariak eta gidoiarena ere iritsi zen azkenean. Pantailan ikusi nuen gidoi onenaren saria zetorrela hurrena, eta hura ere
Handia-rentzat zela esan zutenean, gertatzen ari zenaz ez nintzen oso kontziente.
Une hartara arte, oso lasai nengoen eta uste dut orduan hasi nintzela urduritzen. Oholtzara igo nintzenean ez nekien oso ongi zertara ari nintzen igotzen.
Gidoi onenaren Goya saria euskal film batek jasotzen duen lehenengo aldia da. Saria jasotzeko unea horrelakoa izango zela uste al zenuen?
Noski ezetz! Horrelako une ba-tean eszenatokira igotzeko momentuan oso urduri jarriko nintzela imaginatzen nuen eta, egia esan, ez zen horrela izan.
Eta behin pasatakoan, zer?
Hurrengo egunean ere oraindik pixka bat deskolokatuta nen-goen. Pixkana-pixkana joan nintzen gertatutakoaren kontzientzia hartzen.
Hamar sari izan dira guztira eta horrek zerbait esan nahi du. Zein da zuk egiten duzun irakurketa?
Lantalde potentea dugula atzean eta egindako lanaren errekonozimendua izan dela hau guztia. Baina ez bakarrik
Handia filmean lanean aritu garenona bakarrik,Euskal Herri mailan zine produkzioaren munduan la-nean ari den profesional sareari errekonozimendua ere izan dela uste dut.
Esan daiteke ia lantalde osoa pasa zinetela oholtza gainetik.
Oso polita izan zen hori. Aspaldi- aspalditik ezagutzen dudan jendea da eta ikaragarri pozten naiz. Gainera, Pascal Gaignek izan ezik, gainontzekoetatik inork ez zuen Goya saririk aurretik. Oso berezia eta hunkigarria izan zen.
Tokirik bilatu al diozue buru handiari?
Oraindik alde batetik bestera dabil. Goya bakarra eman digute eta lau gara gidoilariak: Aitor Arregi, Jon Garaño, Andoni de Carlos eta ni neu. Etxetik etxera bidaian ari da buru handia. Oraindik antolatzen ari gara gure artean, denok erakutsi nahi diegu etxekoei eta horrela gabiltza.
Asko hitzegin den gaietako bat aurrekontuarena izan da, hiru milioi eurokoa izan baita hain zuzen ere.
Bai, euskal film bat egiteko sekula lortu den handiena da. Sukaldeko lan handia egin behar izan dute lankideek. Ni neu ez naiz prozesu horretan ibili, baina gertutik jarraitu dut.
Aurretik egin ditugun filmeek bidea ireki digutela esango nuke.
Loreak filmak ere oihartzun handia izan zuen aurrekontuari dagokion gai horretan. Television Españolako ateak ireki zizkigun. Kasu hartan ordea, behin filma bukatuta zegoela sartu ziren Television Españolakoak.
Handia-rekin, berriz, proiektua irakurri eta apustu garbia egin zuten. Netflix plataformari ere saldu zitzaion proiektua. Diru iturri garrantzitsuak izan dira.
Handia-k,
Loreak-ek irekitako bidea jarraitu du eta bai, aurrekontu potentea lortu dugu. Proiektua bera ere oso garestia zen.
Zergatik aukeratu zenuten Altzoko erraldoiaren istorioa?
Bi bidetatik etorri zen proposamena. Moriartin, urtero egiten dugu ideien bileran, bakoitzak bere ekarpena egiten du eta Jon Garañok orain dela urte asko egin zuen lehenengo aldiz proposamen hori. Lehehengo hartan atzera bota genuen ideia baina berak urtero-urtero ekartzen zuen berriro ere. Egiteko oso zaila zela iruditzen zitzaigun.
Halako batean, Garañok berak, Cuarto Milenio telebista saioan agertutako erreportaje bat ekarri zuen, non Altzoko erraldoiaz hitzegiten zen. Urte hartan, beste proiektu batzuekin genbiltzanez, ezin izan genuen garatu baina kasualitatez, Irusoin ekoizpen etxera Moriartirekin kolaboratzen aritu den etxea Altzoko erraldoiari buruzko gidoi bat iritsi zitzaien, Andoni de Carlosek idatzia. Oso deigarria izan zen. Marrazki bizidunetako film bat egiteko gidoia zen. Irudi errealera egokitu zitekeela pentsatu eta hala hasi zen hau guztia.
Gidoia irudietara eramatera-koan arazorik izan al duzue?
Film bat grabatzerakoan, gidoiak beti izan ohi ditu moldaketak, arrazoi bategatik edota bestegatik.
Handia-n ere hainbat aldaketa egin ditugu.
Dena den, oraindik deigarria egiten zaidan gauza bat dago; gidoiarekin aritu ginen unean, gure buruari trabarik ez jartzea izan zen baldintza. Ikustea gustatuko litzaguken filma idatzi genuen, aurrekontuan eta bestelako gauzetan pentsatu gabe.
Beherapenen ordua iritsiko zela uste genuen, baina azkenean, daukadan sentsazioa da, gidoian planteatu zena egin, egin zela. Muntaian bai egon dira hainbat moldaketa; narrazioaren aldetik zentzua ez galtzeko alegia.
Esan duzu beste proiektu batzuetan sartuta zaudela dagoeneko.
Bai hala da. Oraindik ezin da gauza gehiegirik kontatu, baina astebukaera honetan film labur baten grabaketan sartuko gara buru.belarri.