Txinatar legazpiartuak
Txinatarrek ez dute gure egutegi bera eta gaur ospatuko dute Urteberri eguna. Goierrin geroz eta txinatar gehiago dago –herri handi guztietan ...
Txinatarrek ez dute gure egutegi bera eta gaur ospatuko dute Urteberri eguna. Goierrin geroz eta txinatar gehiago dago –herri handi guztietan dute denda edo jatetxeren bat– eta haietako batek eman ditu urte berriko festari eta beraien bizimoduari buruzko azalpenak.
Xu Xiaoyan Legazpin bizi da, bere senarrarekin eta bere hiru seme-alabekin. Kale Nagusian denda bat du eta dagoeneko erabat legazpiartua dago: lagunekin pintxo-potera joaten da, seme batek Ilintxa futbol taldean jokatzen du, euskal dantzak gustatzen zaizkio…
Xiaoyan eta bere senarra Shanghaitik gertu dagoen hiri batekoak dira. «Gure jaioterria Shanghaitik bost ordura dago, autoz. Kontuan izan behar da Txina Euskal Herria baino askoz ere handiagoa dela. Guri bost orduko bidaia motza iruditzen zaigu. Pekin, adibidez, askoz ere urrutiago dugu».
Europara etorri aurretik zapata fabrika batean lan egiten zuen. «Txina hegoaldean zapata lantegi asko daude. Nire senarra, berriz, txoferra eta margolaria zen».
2000. urtean senarra Europara etorri zen, bizimodu hobe baten bila. «Nire senarra 2000. urtean Bartzelonara joan zen eta ni 2002an. Zerbitzari lanetan aritu ginen. Seme zaharrena Txinan jaio zen, erdikoa Bartzelonan eta txikia Legazpin. 17, 13 eta 4 urte dituzte».
Bartzelonatik Legazpira etorri ziren. «Nire senarraren anaia bat han bizi zelako joan ginen Bartzelonara. Ondoren, nire koinatuak Gasteizen denda bat ireki zuen. Guk ere gure denda ireki nahi genuen eta Legazpi aukeratu genuen. Izan ere, hemen ez zegoen txinatar dendarik oraindik».
Legazpin egonkortu zire-nean, bi semeak Txinatik ekarri zituzten. «Denda ireki genuenean, 2006an, semeak Txinatik ekarri genituen. Pena handiz, han utzi behar izan genituen. Izan ere, hemen ezin genituen zaindu: lana egin behar genuen eta ez genuen semeak norekin utzi».
Hasiera gogorra
Legazpin oso gustura daude, baina lehen hilabeteak gogorrak izan zirela dio. «Ez genuen jendea ezagutzen eta ez genekien zer nahi zuten. Gazteleraz ikasi nuenean, salmentek gora egin zuten eta guztiak hobera egin zuen».
Seme-alabek asko lagundu diote. «Eskolan lagunak egin zituzten eta beraien lagunen gurasoek asko lagundu digute. Seme-alabei esker lagun asko egin ditut eta legazpiarra sentitzen naiz. Lehen txinatarrak txinatarrekin bakarrik ibiltzen ginen, baina mundu guztiarekin ibili behar duzu. Oso gustura gaude Legazpin».
Hala, betirako geldituko direla uste du. «Garai batean beste nonbaitera joatea pentsatu genuen, baina gure seme-alabek ez dute hemendik mugitu nahi. Nire senarrak Gasteizen beste denda bat ireki du eta egunero hara joan beharra du. Seme-alabek ez dute Gasteizera joan nahi».
Txinara ere ez. «Txinan geroz eta hobeto bizi dira, baina hemengo bizimodua eta hangoa oso ezberdinak dira. Ni hemengora moldatu naiz dagoeneko eta hemen jarraitu nahi dut».
Legazpi eta legazpiarrak ez ditu saltzeko. «Bartzelonatik Legazpira ere alde handia dago. Hemen jendea Bartzelonan baino askoz ere adeitsuagoa da. Udaletxera, anbulatoriora, ospitalera… joaten naizenean, oso ondo hartzen naute. Bartzelonan ez zen hori gertatzen».
Jendeaz gain, euskal kultura atsegin du. «Euskal abestiak eta dantzak asko gustatzen zaizkit. Oraindik ez dut euskaraz hitz egiten ikasi. Gogoa dut, baina ez dut euskaltegira joateko astirik. Poliki-poliki ari naiz ikasten, alabarekin. Berak primeran hitz egiten du euskaraz».
Aisialdia
Aisialdian gainontzeko legazpiarrek egiten dituzten antzeko gauzak egiten dituzte. «Seme ertainak herriko futbol taldean jokatzen du, Ilintxan, eta oso Realzalea da. Gu asteburuetan lagunekin irteten gara. Pintxo-potea egiten dugu, adibidez», azaldu du.
Donostiara joatea ere asko gustatzen zaie. «Seme-alabei asko gustatzen zaie Donostia. Asteburu askotan joaten gara, batez ere udan. Izan ere, hondartza asko gustatzen zaigu. Kontxara joaten gara. Nire semeek lanean hasten direnean Donostiara joango direla esaten dute».
Danborrada, Legazpiko jaiak, Arantzazu… ere oso gustuko dituzte. Ikusten den moduan, oso ondo moldatu dira Euskal Herriko bizimodura. Baina ez dituzte beraien ohiturak galdu, noski. Gaur, Urteberri eguna ospatuko dute. «Urtezahar gauean afari bat egiten dugu. Urteberri egunean, berriz, senitartekoei dirua ematen diegu gutun-azal gorri batean. Oso ohitura zaharra da eta zortea ematen dela esaten da. Bestalde, petardoak botatzen ditugu izpiritu gaiztoak uxatzeko, arropa estreinatzen dugu, etxea garbitzen dugu eta urte berrirako desioak idazten ditugu».