Lazkaomendiko Iztueta baserriak ateak zabaldu ditu
Baserria erakusteaz gain, behi esneaz ekoizten dituzten produktuen prozesuak azaldu dizkiete bisitariei
Lazkaomendiko Iztueta baserriak ateak zabaldu ditu gaur. Goizeko 11etatik 12.30etara, bisita gidatua antolatu dute baserria erakutsi eta haien produktuen ekoizpen prozesuak bertatik bertara ezagutzeko. Tradizioa eta teknologia uztartuz, belaunaldietako esperientziaren fruituak erakutsi dizkiete bisitariei.
Hasteko, baserriko sarrera-aretoan bideo bat ipini dute, baserriaren eta Iztueta familiaren inguruko azalpen orokorra emateko. Bertan, ekoizpenerako oinarri nagusia prozesu naturala errespetatzea dela azpimarratu dute. Ondoren, bertaratu direnek baserriaren txoko ezberdinak bisitatzeko aukera izan dute: ikuilua, esnetegia… eta baita abereak ere. Honela, bideoan azaldutako ideien inguruan sakontzeko aukera izan dute.
Lau belaunalditan zehar eboluzionatuz eta garai berrietako beharrei eutsiz, behi esnea, jogurtak eta izozkiak ekoizten dituztela adierazi dute. Horrekin batera, prozesu naturala errespetatzeari esker, behien biziraupen luzea bermatzen dutela azaldu dute: 10-15 urte inguru.
Jende ugari bildu da baserriaren eta bertan ekoiztutako produktuen inguruan gehiago jakiteko. Besteak beste, Zaldibiatik, Donostiatik, Oñatitik eta are Errioxatik ere gerturatu dira bisitariak. Bukatzeko, esne-behiarekin ekoizten dituzten produktuak -jogurtak eta izozkiak- dastatzeko aukera izan dute guztiek.