Ordiziako udal gobernuak martxoan deituko duen ez ohiko udalbatzan landuko dute 2018rako aurrekontua. Majori eraberritzeko asmoa jarriko dute mahai gainean
Aurrekontua aurkezteko udal gobernuko ordezkariek egindako agerraldia, pasa den ostiralean
Ordiziako udal gobernuak, 2018rako aurrekontu proposamena aurkeztu zuen pasa den ostiralean. Jose Migel Santamaria alkateak argitu bezala, «inbertsio plana parte hartze prozesuan oinarritu da». Horrez gain, «martxoan egin nahi den ez ohiko bilkuran landuko» dela ere esan zuen, «otsailaren 5ean gobernu batzordean iragarritakoari eutsiz».
Santamariak adierazi zuenez, «oposizioaren kezkaren tamaina prentsa bidez ezagutu» dute. Pasa den astean, udal gobernua eta oposizioa «lau aldiz elkartu» zirela ere esan zuen eta oposizioak, «aurrekontuaren inguruan ezer aipatu ez» duela argitu zuen.
Inbertsioak gora
2018rako aurrikusitako diru sarrera eta gastuen diru kopurua «14.100.000 eurokoa» dela jakinarazi zuen udal gobernuak. Inbertsioetarako diruak, «gora egingo» duela ere esan zuen. Izan ere, «4.646.000 euroko inbertsioak proposatzen dira». Aurrekontu proposamena «gastu errealen eta diru sarreren partida guztietako aldez aurreko azterketa sakon eta zehatz batetik abiatzen da», Santamariak nabermanedu moduan.
Udal gobernuaren helburu nagusia, «Ordizia hobetzea da» eta horretarako, «zerbitzuen maila ona mantendu eta hobetuko» dela adierazi zuen. Udal aurrekontuaren proposamena osatzeko, « udal teknikarien eta herritarren ekarpenak kontutan hartu» direla erantsi zuten.
Majori proiektua
Inbertsioen atalean, Majoriko proiekturako lehen faserako 3.000.000 euro bideratzea aurrikusten du udal gobernuak. Lehenengo, «proiektua esleitu beharko» litzatekeela argitu zuen Santamariak eta «obra hasita, bi urtez luzatuko da lehen fasea».
Majoriko «bi eraikinetan egingo dira lanak», adierazi zuen Ordiziako alkateak. Batetik, «kubo berderako aurrikusitako berrikuntzak», eta bestetik, «bere alboan dagoen eraikin griseko aldagelak, soinketa gelak eta erabilera anitzeko gelak eraberrituko dira», gehitu zuen.Horrez gain, «taberna aldatzeko, kiroldegiko sarbideak egokitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obrak ere egitea da udal gobernuaren helburua».
Gainera, kirol guneak hobetzeko 295.000 euroko diru partida bideratzea aurrikusten du udal gobernuak. Horrela, «Beti Alaiko markagailua aldatu, Majoriko sauna eraberritu eta anexoko belarra guztiz berrituko»direla azaldu zuen Santamariak.
Beste inbertsio batzuk
Gizarte arloa lehenetsi nahian, «gizarte zerbitzuak indartu nahi» ditu udal gobernuak. 2017an arlo honi dagokion «plan estrategiko eta etxez etxeko zerbitzuaren ereduaren inguruko azterketa egin» zirela eta udala «hobekuntzak ezarri eta plan estrategikoa garatzen hasia» dela ere esan zuten. Hala, «aurrekontuari dagokokionez, gizarte zerbitzuetarako 300.000 euro gehiago izango» direla nabarmendu zuten.
Berrikuntzen artean, «eguneko arreta zentroaren proiektua martxan jarri nahi» du udal gobernuak, eta «familentzat ere laguntza desberdinak aurrikusten» ditu. Zentroarentzat 20.000 euro eta laguntzetarako beste 50.000 bideratu nahi dituzte.
Hori guztiaz gain, beste hainbat inbertsio egitea proposatu du udal gobernuak; eremu desberdinetan urbanizazio berritzeak, udalaren funtzionamendua hobetzeko inbertsioak, hainbat eraikin eraberritu edota Lukusain plazaren azpian dfauden garajeak erostea proposatzen du udal gobernuak, besteak beste