Izaro Markotegik (Legazpi, 1999) kantatu egiten du eta Oier anaiak (Legazpi, 2002) bideogintza gogoko du. Bien indarrak metatu eta kantuen bideoak sare sozialen bitartez zabaltzen dituzte
Etxe barruko jarduna publiko egin dute Izaro Markotegik eta Oier anaiak. Etxe barruan hasi ziren bata kantuan eta besteak haren abestiak irudietan ehuntzen. Gero, bideoak egiteko prozesuak ontzen joan diren heinean bideoklipak sortu, eta sare sozialen bitartez partekatzen hasi dira. Hala egin dute esparru pribatutik publikora doan pasabidea.
Izaro Markotegik 19 urte ditu eta Tolosan Gizarte Integrazioa ikasten ari da. Atzegin boluntario gisa dabil eta musika eskolan ibilitakoa da. Esku-soinua, teklatua, konboak… Eskolako talde haietan abesten hasi eta arra sartu zitzaion. Iaztik Segan –Egan taldearen jarraipena– taldean kantatzen du, «errespetu handiz hartu nuen eskaintza, gogo handiz ere». Belaino taldean ere ari da. Bi taldeetako entseguak Ordizian egiten ditu.
Orain urtebete hainbat abestitako bertsioak grabatzera sartu zen estudio batera eta irudietan nola eman pentsatzen ari zela erantzunak etxean bertan aurkitu zituen. Izan ere, Oier anaiak eman zizkion.
Oier Markotegik Haztegi ikastolan ikasten du, 15 urte ditu eta DBHko 4. mailan dago. Eskolako proiektuak zein euskarritan aurkeztu aukeran ematen diotenean, beti bideoarena hautatzen du. «Txikitatik kamara mundua gustatu izan zait. Lehengusuekin baserrian grabazioak egiten hasi nintzen sakelakoarekin eta bideoz bideo hobetzen joan naiz. Izaroren abestiena suertatu zenean, nik neuk egin ahal nituela esan nion».
Aurreko urteko maiatzaren 1ean lehenengo bideoa igo zuten Youtubera eta lau igo dituzte honezkero. Orain bosgarrenean ari dira lanean.
Izaro Markotegik dioenez igo duten azken bideoaren harrera onak harritu eta poztu egin ditu, «niri gu bion lana dela esatea gustatzen zait, anaiarena eta biona eta jarraian jendeak bioi zoriontzea».
Hurrengoa bereziena
Orain hurrengo bideoaren lanketa egiten ari dira. Ez dute xehetasun asko eman nahi, baina «buruan daukaguna ateratzen bada bereziena izango da», dio Izaro Markotegik. Anaiak erantsi duenez, «nik dena nola egin pentsatzen dut aurrez eta oso ona izango dela uste izaten dut, gero beharbada ez da hainbesterako edo alderantziz». Bideo berriak izango duen ezaugarri bat baino ez dute azaldu: jende gehiago agertuko da. Orain arte, Izaro bakarrik edo bera eta beste pertsona bat baino ez dira agertu. «Gero eta jende gehiago agertu orduan eta ikusle gehiago izango ditu bideoak», dio Oier Markotegik.
Egin dituzten bideo guztietan pasadizoak, barreak nola zailtasunak bizi izan dituzte. Guztietan, baina, ongi pasatu dutela diote biek ala biek. Hurrengoa bosgarrena izango da eta haren ondotik gehiago etorriko dira