Nerabeen droga kontsumoari buruzko mahai-ingurua egin dute Labeaga aretoan
Gaur arratsaldean nerabeen droga kontsumoari buruzko mahai-ingurua egin dute Urretxuko Labeaga aretoan. Ekitaldi hau nerabeen osasunerako lan taldeak antolatu du eta moderatzaile lana bi kirolari ezagunek egin dute: Dani Garcia
Gaur arratsaldean nerabeen droga kontsumoari buruzko mahai-ingurua egin dute Urretxuko Labeaga aretoan. Ekitaldi hau nerabeen osasunerako lan taldeak antolatu du eta moderatzaile lana bi kirolari ezagunek egin dute: Dani Garcia Eibar taldeko jokalariak eta Igone Campos eskiatzaile eta korrikalariak.
Javier Calzada Goierri-Urola Garaia erakunde sanitario integratuko Pediatria buruak alkoholak eta kalamuak nerabeen burmuinean duten eraginari buruz hitz egin du. Urretxun eta Zumarragan bizi den aita gisa duen ikuspuntua ere azaldu du.
Alberto Ruiz de Alegriak gizarteak adin txikikoen kontsumoa nola ikusten duen azaldu du, eta kontsumoa ulertzeko modu horrek arriskuaren pertzepzio ezan nola eragiten duen aipatu du. Ruiz de Alegria Norbera programako psikologoa eta zuzendari teknikoa da. Norbera, Gizakia Helbururen programa bat da, egoera zaila duten nerabeei eta beraien senitartekoei laguntzen diena.
Unai Perez de San Romanek, berriz, gazteentzako ekitaldietara joaten direnean aurkitzen dutena azaldu du. Perez de San Roman Ai Laket elkarteko kidea da. Ai Laketekoak jaietara eta gazteentzako ekitaldietara joaten dira eta drogei buruzko informazioa ematen diete.
Eva Ammannek familiak, arauek, harremanek, gizarteak, nerabezaroak… kontsumoan duten eragina azaldu du. Ammann Ibaiondo adin txikikoen zentroko psikologoa eta zuzendariordea da.
Mahai-inguru hau nerabeen osasunerako lan taldeak antolatu du. Programa honetan lizeoko, institutuko, La Salle-Legazpi ikastetxeko eta UGLEko ordezkariek, osasun zentroek, Ertzaintzak, minbiziaren aurkako elkarteko ordezkari batek eta nerabeekin lotura duten udal zerbitzuek parte hartzen dute: gizarte zerbitzuek, Urola Garaiko Berdintasun teknikariak, Gazte Bidean egitasmoko ordezkariek eta udaltzaingoek.