Sorkuntzaren biran
Bira Produkzioak kooperatiba sortu dute Mikel Alvarez Sarriegi eta Eñaut Tolosa Garcia beasaindarrek, eta Beñat Iturrioz Perez eta Oskarbi Sein Berebide hernaniarrek. Produkzio ...
Bira Produkzioak kooperatiba sortu dute Mikel Alvarez Sarriegi eta Eñaut Tolosa Garcia beasaindarrek, eta Beñat Iturrioz Perez eta Oskarbi Sein Berebide hernaniarrek. Produkzio propioa dute jomugan jarrita.
Elkarrekin ikus-entzunezko proiektu desberdinetan lan egindakoak dira Mikel Alvarez, Eñaut Tolosa, Beñat Iturrioz eta Oskarbi Sein. Batasunak ematen duen indarraz baliatuz, bideak elkartu eta proiektu komun bati eman diote hasiera: Bira Produkzioak Kooperatiba. «Kamikaze samarrak ginen gure aldetik, eta indarrak batuta gerrilla bat gara, txikia oraingoz», azaldu du Eñaut Tolosak.
Lan harreman horizontala oinarri hartuta, eta ekonomia sozial eraldatzailean sinesten dutelako, kooperatiba izaera eman diote proiektu berriari. Beñat Iturriozen esanetan, helburua ez da ekonomikoa, eraldatzailea baizik. «Nahiago dut egiten dugunak herrigintzan edo gizarte eraldaketan eragina izatea».
Proiektu berriaren izenak lau sortzaileen izaera laburbiltzen du: «Gure lema bira da, gauzei buelta bat ematea». Izenari berari ere buelta asko eman zizkioten. «Zerbaitetan bat egiten badugu, lauok gauzei eta irudimenari beste buelta bat ematen diegula da. Ideiei beste buelta bat ematen diegu».
Produkzio propioa
Bi arlotako lanak egin nahi dituzte. Batetik, diseinu eta ikus-entzunezko lanak; eta bestetik, produkzio propioa egitea euskal zinemagintzaren barruan. «Merkatuan badago lekua gauza desberdinak egiten dituen produktora bat sortzeko», nabarmendu dute.
Sorkuntza propiorako ez zaie ideiarik falta. Zinema eskandinaviarraren eredua dute gogoko, batez ere Nordic Noir korrontea. «Genero beltza. Oso nazio txikiak dira, baina mundu guztian ari dira beraien produkzioak saltzen». Euskal zinemagintzarako eredu baliagarria dela uste dute: «Kontsumo propiorako egiten dute, beraien mitologian eta kulturan oinarritutako historia kontatuz, baina atzerrian ikusteko modukoak dira. Handia filmarekin gertatzen den bezala. Mundu guztian ikus dezakete, baina gure istorioa da. Oso lokala da, baina oso unibertsala».
Euskararen arloan, gainera, «gauza asko egiteko» daudela uste dute: «Beharra dago gure euskal mundu txiki honetan abaniko zabala edukitzeko».