Txinparta taldeak irabazi du Antzezmotz antzezlan laburren lehiaketako bigarren kanporaketa
Ostiralean antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketako bigarren kanporaketa jokatu zuten Urretxuko Labeaga aretoan. Donostiako Txinparta taldea nagusitu zen, Pisu ez partekatua lanarekin. Bigarren kanporaketa honetan ere lau taldek parte hartu zuten:
Ostiralean antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketako bigarren kanporaketa jokatu zuten Urretxuko Labeaga aretoan. Donostiako Txinparta taldea nagusitu zen, Pisu ez partekatua lanarekin. Bigarren kanporaketa honetan ere lau taldek parte hartu zuten: Bilboko Amets Bete (La mome piaf), Abadiñoko Banarte (Comunicado de muerte), Txinparta eta Urnietako Zurriburri (La cita). Aurkezle lana Mary Franco aktore zumarragarrak egin zuen.
Lehiaketa hau Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak antolatzen du herrian antzerki zaletasuna suspertzeko eta beste talde batzuen lana ezagutzeko. Oso gustura ageri dira ostiraleko taldeek emandako mailarekin. Amets Bete taldeko aktoreak Edith Piaf abeslari frantsesa omendu zuen, «sentimendu handiz». Banartekoei eskerrak eman nahi dizkiete, egindako esfortzuagatik. «Azken orduko ezusteko bati aurre egin zioten eta etorri egin ziren. Lan ona egin zuten gainera, nahiz eta ezustekoak beraien lana baldintzatu zuen». Txinparta eta Zurriburri antzerki taldeek, berriz, umorez betetako lanak eskaini zituzten. Lehen kanporaketan baino ikusle gehiago elkartu ziren. «Taldeekin ikusle asko etorri ziren eta herriko jendeak ere ez zuen huts egin. Oso pozik gaude».
Ostiral honetan, 21:30ean Urretxuko Labeaga aretoan, hirugarren eta azken kanporaketa jokatuko da. Irun eta Hondarribiko Las Chirlas taldea (Mision insumision) eta Donostiako bi talde arituko dira: Pollo Rosa (Gertrudisen lagunak: Jorge Oteiza) eta Suhai (Creando nubes). Emanaldien artean Legazpiko musika eskolako ikasleek joko dute. Iparragirre Balerdi musika tailerrak eta Karmakros antzerki taldeak gonbidatuta etorriko dira. Finala martxoaren 9an izango da, ordu eta toki berean.