Aurtengo aurrekontuak «inoizko sozialenak» direla esan du Koldobike Olabide alkateak
Aurtengo udal aurrekontua 10.786.488 eurokoa da, iazkoa gainditu du 324.101 euroan. Hiritartasunaren alorrean inbertituko dute gehien, bost milioi eurora iristsiko da kasik eta hortik gehiena gizarte arretara bideratuko dute; 219,55 euro legazpiar bakoitzeko. «Inoizko aurrekontu sozialenak dira», adierazi du Koldobike Olabide Legazpiko alkateak. Javier Iraeta gizarte ongizateko zinegotziak inbertsio horren baitan egingo dituzten berritasunak aletu ditu. Tartean, adinekoen eguneko arreta zerbitzuan zortzi toki berri sortuko dituztela esan du.
Goizetan eskaini ohi den zerbitzua da eta bazkalordura arte luzatu daiteke. Higiene pertsonala zaindu, eskulanak egin eta bestelako lanak burutzen dituzte. «Orain, pertsona horiei harrera egiteko araudia aztertzen ari gara, ondoren zerbitzua martxan jarriko dugu». Gizarte zerbitzuen alorrean gero eta behar gehiago dagoela dio Iraetak: «Zahartzaroa luzatzen ari da eta behar gehiago antzematen ditugu. Martxan jarriko dugun zerbitzu hau Urola Garaia Mankomunitatearen baitakoa da, baina Legazpin aurreratu egingo gara».
Asteburuetan toki gehiago
Ez da haziko den zerbitzu bakarra. Etxez etxeko laguntza kopurua handitzeko asmoa daukate eta eguneko zentroko tokiak beteta badaude ere –24 inguru dira–, asteburuetan sei toki gehiago sortuko dituzte eta hamabitik hemezortzira egingo du gora.
Hiritartasunaren alorrean aurrekontuetan nabarmentzen den beste esparrua kirolarena da. Aurten 141,35 euro bideratuko dituzte kirol jardunen sustapenera. Inbertsio nabarmenena kanpoko igerilekuaren itxitura egitea izango da.
Guztira, aurrekontuaren %46 hiritartasunaren eremura bideratuta, kulturan 55,46 euroko gastua egingo dute bizilagun bakoitzeko eta gazterian 26,83 euro. Aurten Legazpiko Udal Liburutegia zabalik dagoela 50 urte ospatzen dira eta diru sail bat egokitu diote, hain justu, 15.500 euro bideratuko dituzte. Euskararen sustapenari bizilagun bakoitzeko 13,35 euro egokitu dizkiote.
Beste bi esparru bereizten ditu aurrekontuak: lurraldetasuna (%36) eta antolakuntza (%18). Lurraldetasunaren eremuan aurrekontuaren gehiena bide publikoetan inbertituko du udalak, 110,13 euro bizilagun bakoitzeko eta hondakinen kudeaketan 67 euro legazpiar bakoitzeko. Antolakuntzaren atalean administrazio orokorraren esparruak hartzen du diru sail gehien eta 64,27 euro gastatuko dituzte legazpiar bakoitzeko.
Inbertsioak xeheago
Bide publikoetan egingo dituzten inbertsioak kokatuta dituzte. San Martin plaza asfaltatu, Lau Bideko bakoitietako lanen bigarren fasea, Muru berriko espaloiak, Arantzazu auzoko urbanizazioaren amaiera, berrikuntza lanak Domingo Agirre plazan, San Jose auzoan hirigintza lanak,
Urtatzazahar parkea eta Laubideko haur parkeari estaldura jartzeko lanak.
Hondakinen kudeaketan sartu duten berrikuntza da Zaldu auzoan edukiontzien eremua eraikiko dutela. Diru sailaren zati handiena hondakinen kudeaketara bideratuko dute.