Herri baten azterketa gazteen begiradapean
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UNICEF elkarteak Haurren Erabakia izeneko proiektua abiarazi dute ikasturte honetan lehendabiziko aldiz, haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzeko ...
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UNICEF elkarteak Haurren Erabakia izeneko proiektua abiarazi dute ikasturte honetan lehendabiziko aldiz, haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzeko helburuarekin. Proiektuak hainbat helduleku ditu, eta horietako bat da Etorkizuna eraikiz ekimena. Ekimen hori gauzatzeko Gipuzkoako bost ikastetxe ausaz aukeratu dituzte; tartean, Ataungo Joxe Miel Barandiaran herri eskola.
Joxe Miel Barandiaran herri eskolako 5. mailako gazteak buru-belarri daude ekimenarekin. Itziar Herguedas ikastetxe horretako 5. mailako tutoreetako bat da, eta dioenez, «ekimenaren helburua ikasleak zer herri daukaten ohartzea da, eta nola aldatu dezaketen beraien ekarpenekin». Hori lantzeko hainbat tailer egin dituzte, bi oraingoz, bat azaroan eta bestea urtarrilean.
Talde lana sustatzen
Azaroan ekin zioten ekimenari, lehendabiziko tailerrarekin. «Hainbat kontzeptu orokor lantzen hasi ziren, erkidegoa zer den, herria zer den…» dio Herguedasek. Astun samarra egin zitzaiela aitortu du irakasleak, baina lehendabiziko lanketa hura beharrezkoa zela gaineratu du, «hurrengo pausoari egoki heltzeko». Lehendabiziko lanketa horretan, «talde lanaren garrantziaz ohartu ziren. Denen artean hitz egitea eta hitz egindako hori komunean jartzea garrantzitsua dela ikasi dute».
Bigarren tailerra urtarrilean egin zuten eta ikasleek herri mailako azterketari ekin zioten orduan. Herria ezagutzeko eta birpentsatzeko aukera izan zuten eta jabetu ziren «gauzak aldatzeko, proposamenak egiteko eta konpromisoak hartzeko gai zirela».
Juntadizoa Donostian
Egindako tailerretan, sei gai garrantzitsu jorratu eta azpimarratu zituzten, eta horien gaineko proposamen zehatzak ere egin zituzten. Adibidez, denak bat etorri ziren herrian igerileku bat nahi zutela esaterakoan. Baina, «azterketa eginda herrian baliabide faltagatik, igerileku bat egitea ezinezkoa zela ulertu zuten; orduan, konponbide bezala, erreka egokitu eta aprobetxatzea proposatu zuten».
Bestalde, eskolako patioan hobekuntza egiteko beharra ere azpimarratu zuten; «zati batean belarra jartzea proposatu zuten». Eskola eta pilotalekuaren artean dagoen patio txikia estaltzeko proposamena ere luzatu zuten. Eguraldi txarra egiten duenean, pilotalekura joatea beste aukerarik ez baitaukagu orain».
Herguedasen hitzetan, «esperientzia polita» izan da. Gazteek balioetan hezteko aukera izan dute. Azkeneko tailerra egingo dute martxoan, eta amaitzeko juntadizoa dute maiatzean ikastetxe guztiek Donostiako Tabakaleran.