Izena Internet bidez eman daiteke jada edota egunean bertan, bildutako dirua saharar kanpalekuetara bidaliko dute
Datorren igandean egingo dute Ormaiztegin Sahara Krosa. Aurtengoan hamabigarrena da. Izan ere, krosa antolatzen hasi ziren Mohamed Salem Hach Embarek zendu ostean. Ormaiztegiko hainbat herritarrek herrialde sahararrari elkartasuna erakutsi nahi, eta Iñaki Amundarain antolatzailearen hitzetan, «kausa hori bizirik mantentzeko lasterketa bat antolatzeko ideia sortu zen». Sahara Krosaren sorrera da. «Nola aterako zen ez genekien arren, urte hauetan guztietan jarraipena eman zaio», erantsi du Amundarainek.
Hach Embarek «sahararren enbaxadorea izan zen eta kanpo aldean ibili zen, baina bere familia hemen bizi izan da, Ormaiztegin». Gogora ekarri du, bide batez, Gurutze Irizar «Ormaiztegiko alabak» 1975ean Marokoren inbasioa bizi izan zuela eta saharar herriarekin batera ihes egin behar izan zuela. Orain, inbasioa gertatu zela 40 urtetik gora igaro direnean, behin-behinekoa behar zuen egoera betikotu egin da Tindufeko kanpalekuetan. Han bizi dira 200.000 bat lagun, batzuk han jaiotakoak dira eta ez dute beste aberririk ezagutu.
Lasterketa solidarioa
Igandeko lasterketan biltzen duten guztia hara bidaliko dute. «Gipuzkoako Saharar herrialdearen aldeko elkartera bideratuko dugu dirua. Hala egiten dugu, haiek gobernu sahararrarekin hitz egin, eta zehazki nora bideratu erabakitzen dutelako». Iaz, esate baterako, edateko ura erosi ahal izan zuten Ormaiztegiko Sahara Krosean bildutako diruarekin. Amundarain: «Errefuxiatu guneetan ez dago ezer eta guztia kanpotik eraman behar da».
Lasterketarako izena eman daiteke jada kirolprobak.com webgunean edo egunean bertan 09:30etik 10:30era. Goizeko hamaiketan hasita, lasterketa luzeak 10 kilometro izango ditu eta laburrak –iaz egin zuten lehenengoz– 5,4. Kilometro bateko lasterketa «testimoniala» ere egingo dute. Ondoren, pintxoak eta salda, parte hartzaileentzat opariak eta zozketak egongo dira.