Zumarragako Udala Urdaneta hiribideko espaloia berritzen ari da
Zumarragako Udala Urdaneta hiribideko espaloia berritzen ari da Zumarragako Udalak herriko espaloiak berritzeari ekin zion duela urte batzuk eta joan zen astetik Urdaneta hiribideko lehen zenbakien pareko baldosak aldatzen ari
Zumarragako Udala Urdaneta hiribideko espaloia berritzen ari da
Zumarragako Udalak herriko espaloiak berritzeari ekin zion duela urte batzuk eta joan zen astetik Urdaneta hiribideko lehen zenbakien pareko baldosak aldatzen ari da: Eroskitik Galilea tabernara eta kiroldegitik Esteban Orbegozo auzora daramaten eskaileretara.
Herriko gainontzeko tokietan jartzen ari diren baldosak jarri behar dituzte. «Orain arte dagoena baino zimurtsuagoa da. Eroskiko aldapan adineko hainbat bizilagun erori dira dagoeneko eta ez dugu gehiagotan gertatzea nahi. Horretarako, lauzak aldatzeaz gain, baranda bat jarriko dugu eskaileren eta aldaparen artean», aipatu du Mikel Serrano alkateak.
Oinezkoen segurtasunarekin lotutako beste lan batzuk ere egin behar dituzte: Eroskiren eta kiroldegiaren ondoan dauden zebrabideak altxatu behar dituzte eta espaloia atarien altuera berean jarriko dute. Horretaz gain, zuhaitzak aldatuko dituzte. «Adarrak leihoetara iristen direnez, txikiago batzuk jarriko ditugu. Oraindik ez dugu erabaki zein zuhaitz landatuko ditugun». Bestalde, Zumarragako Udalak altzairuzko isletak jarriko ditu eta autoek zeharka aparkatuko dute espaloian ahalik eta gutxien sartzeko. Obra Artzamendi enpresa egiten ari da eta aurrekontua 240.000 eurokoa da. Udarako bukatzea espero dute.
Lan hori bukatu bezain laster, Antioko bidegurutzetik Eitzara doan espaloia berrituko dute. Hor ere baldosa zimurtsuak jarriko dituzte. Aurrekontua 60.000 eurokoa izango da. Udazkenean, berriz, Okendo kaleko espaloia berrituko dute. Ondoren, Elgarrestamendi, Izazpi eta Ipar Haizea auzoen txanda izango da. «Gurbain enpresari proiektua eskatu diogu, diru-laguntzak eskatu ahal izateko. Urtero diru pixka bat gordeko dugu, auzo horiek zaharberritu arte».
Gainera, Zumarragako Udalak Eitzan haurrentzako parke bat egiteko asmoa du. «Autobus geltokiaren atzean egingo dugu. 430 metro koadro izango ditu. Lurrean bigarren eskuko belar artifiziala jarriko dugu, bidegorri ondoko parkean bezala. Haurrentzako jolasez gain, gimnasia aparatuak eta picnik mahaiak egongo dira», amaitu du Zumarragako alkateak.