Apirilaren 4an izango da gaztaren denboraldiaren hasierako ekitaldi nagusia, baina jadanik aukera polita dago. Eguraldia hizpide atzo ere, baratzeko lanak atzeratzen eta kezka areagotzen.
Artzainek aspalditxo ekin zioten neguko lanaldiari. Arkume jaiotzak ikuskatu eta amaren esnea hartzeari utzi orduko, ardiak jetzi eta gazta egiteari ekin zioten. Bi hilabeteko epea behar du gaztak saldu aurretik, «prebentzio gisa; esne gordina erabiltzen denez, osasunerako arriskurik ez duela ziurtatzeko epe hori beharrezkoa da» aipatu digu Gotzone Sestorain Gorritz gazta egile leitzarrak. Etxeetan, gertukoenen artean bestelako ondoriorik gabe jateko ohitura oso errotua dago, baina berez ezin da saldu.
Gazta, gazna, gasna edota gaztai… Goierrin deitura guztiak ere elkarrengandik oso hurbil dira eta Euskal Herriko eskualde guztietako gaztak aurki daitezke Ordizian. Garestienetakoa eta tamainaz handiena Zuberoakoa da.
Salgai dauden gazta hauek neguko artegietan eginak badira ere,Urbia, Urbasa edota Aralarko larreak dira ardi hauen udaleku nagusienak.
Gazta salmenta da artzainen aterabide duinena. Azken 10 urteetan prezioak biziaren gorakada bera izan du gutxi gorabehera; kiloa 16-19 euro artean saltzen dira lehen hauek. Duela 10 urte 14-16 euro artean zen gazta berria. Zaharra, berriz, 18 eta 22 euroa artean da. Behi gaztari dagokionez, Ordiziako azokak Joseba Baez gazta egile eta saltzailea galdu badu ere, hainbat postutan eros daiteke, kiloa 10 eta 14 euro artean. Ardi eta behi esnea nahastuz egina, kiloa 12-14 euro artean da salgai. Ahuntzarena, urte guztian eskaintzen dena, 16 eta 20 euroa artean da, baina Aldaba Zaharreko ahuntz gazta berria apirilera arte ez dugu izango.
Urte hobeak gogoan
Baratzeari buruz galdetuta aho batez euriz aspertuta jendea: «Negutegiko ilarrak ere horitzen ari dira»;?aldiz, 2014an Montesenekoak otsailaren 19an ekarri zuen lehen Utrillo motako etxeko ilarra. «Aurten landarea ederra dugu, baina leka oso atzera dator, eguzkia behar dute» zioen Patxi Izagirrek, eta «piper hazia bera ere ezin jaulkiz, hezetasunarekin ez da lekatik libratzen». Gertatu izan da, goiz izanda ere, garai honetan tomate landareak salgai jartzea; 2011ko otsailaren 16an ekarri zituen lehenak Ibarrako Esther Illarramendik. «Tomate landareak izan baditugu, baina berogailuarekin eta asko mimatuz, hona ekartzea alferrik da» zioen Estherrek, baita «landareak horitu, desegin, desagertu» egiten direla ere.
Aurrerapenak lagungarri badira ere, eguraldiak du azken hitza.