Enirio-Aralar mankomunitateak ez du onartu Aranzadik bere azterketa ofizialki aurkeztea
puntu bakarrari buruz erabaki bat hartzeko: Aralar mendiaren kudeaketari buruz Aranzadi Zientzia Elkarteak egina duen lana mankomunitatearen aurrean ofizialki aurkezteko eskatzea ala ez erabakitzea. Zazpinako berdinketa egon zen bozketan, eta presidentearen boto kalitatearengatik irabazi zuen ezezkoak.
Urgentziazko gaia zenez, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkate eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidenteak (EAJ) aipatu zuen lehenik gaia onartu ala ez bozkatu behar zuela batzarrak. Hamabost herrik osatzen dute mankomunitatea –Orendaingo ordezkaria (EH Bildu) ez zen atzo batzarrean egon–, eta guztiek aho batez onartu zuten puntu hori bozkatera eramatea. Segidan, Iñaki Aizpuru Itsasondo ordezkariak (EH Bildu) bozkatzekoa zen gaia zein zen azaldu zuen.
Ezezkoaren arrazoiak
Bozkatzera deitu aurretik, Santamariak idatzi bat irakurri zuen ezezko botoaren argudioak emateko. “Aranzadi Zientzia Elkarteari azterketa hau egitea ez dio Mankomunitate honek eskatu, bere kabuz egin du eta bere ikuspegi soiletik”. Haren esanetan, Aranzadik Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako “aurkezpen tamalgarriak, deslegitimatu egiten du” mankomunitatearen aurrean lan hori aurkeztea.
Santamariak gogoratu zuen mankomunitateak “gehiengoz eta kontrako botorik gabe” onartu zuela Legealdiko Kudeaketa Plana 2016ko abenduaren 20eko batzarrean. “Beraz, hartutako erabakiak errespetatu eta exekutatzeko garaia da, ez berriro tentsioa sorrarazten duten eztabaidak sortzeko garaia”.
Halaber, Aranzadiren azterketa mankomunitatean aurkeztea eskatu duten udalerrietako ordezkariei zuzendu zitzaien Santamaria. “Itsasondok, Zaldibiak, Legorretak, Ikaztegietak eta Baliarrainek ez zuten parte hartu nahi izan erabaki hartan. Orain estudioaren aurkezpena eskatzeak orduko erabakia ez duzuela onartzen erakusten du”.
Aitor Altuna Lazkaoko ordezkariak eta Aitor Aldasoro Beasaingoak, biak EAJkoak, ildo berean hitz egin zuten, eta nabarmendu zuten “atzerapausua” litzatekeela Aranzadik azterketa hori mankomunitatean aurkeztea. Tartean, ika-mika ere izan zen, Aranzadiren lanaren izateaz. Altunak galdetu zuen ea Aranzadiri zeinek eskatu dion lan hori egitea, eta Aizpuruk erantzun zion “alderdien kontua” izan dela, EAJri eta EH Bilduri erreferentzia eginez. Era berean, Aizpuruk EAJko ordezkariei iradoki zien haiek ere jakinaren zeudela. Aldasorok erantzun zion ezetz, eta horri hala izan bada, alderdiak beraiek etorri beharko direla mankomunitatera azalpenak ematera.
Lehendakariaren kalitatezko botoa
Bi aldiz bozkatu zuten puntua. Lehenean kontrako eta aldeko zazpi boto jaso zituen proposamenak. Ordizia (EAJ), Beasain (EAJ), Lazkao (EAJ), Amezketa (EH Bildu), Abaltzisketa (Independientea), Arama (Independientea), Altzaga (Independientea) izan ziren aurka bozkatu zutenak, eta Ataun (EH Bildu), Zaldibia (EH Bildu), Legorreta (EH Bildu), Ikaztegieta (EH Bildu), Itsasondo (EH Bildu), Gaintza (Independientea) eta Baliarrain (Independientea) Aranzadik mankomunitatean azterketa aurkeztearen alde bozkatu zutenak.
Berdinketa izan zenez, idazkariak bozketa errepikatzeko eskatu zien ordezkariei. Emaitza bera izan zen, eta bigarren horretan, lehendakariaren kalitatezko botoak hautsi zuen berdinketa.
Ahal Dugu-Podemoseko Mila Sukia Ordiziako zinegotziak eta Edurne Huesa Landarlaneko kideak hitza eskatu zuten bilkuraren bukaeran, baina ez-ohiko batzarra izan zenez, horretarako aukerarik ez zegoela erantzun zien Santamariak. Batzarra jarraitzera jende dezente inguratu zen.
Aralar Bizirik-en iritzia
Aralar Bizirik elkarteak sare sozialen bidez eman du atzoko batzarraren inguruan duen iritzia. “Aralarko gaian berebiziko garrantzia eta adierazgarritasuna duen azterketa bat publikoki plazaratzea eragotzi dute, gizarteari informatzeko eskubidea ukatuz. Gero gardentasunaz eta partaidetzaz hitz eginez ahoa beteko zaie, baina beren ekintzetan interes pribatuen aldeko defentsa soilik erakusten dute”. EAJri egozten diote “gizarteari informazioa ezkutatzea”, eta EH Bilduri galdetzen diote ea nola den posible Amezketako ordezkariaren jarreraren aurrean neurririk ez hartzea.
Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarrak ez du onartu Aranzadi Zientzia elkarteak Aralar mendiaren kudeaketari buruz egina duen azterketa mankomunitatean bertan ofizialki aurkeztea. Ez-ohiko batzarra egin zuen batzarrak atzo arratsaldean Ordiziako udaletxean gai-ordenean zegoen