Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte eta eskaera orriak udaletxeko arreta bulegoan daude eskuragarri. Eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte
Aurkia, Aranburu eta Olaizola San Joan auzoan egingo diren baratzeen ondoan.
Ordiziako Udala herritarrei baratza sozialak eskaintzeko gunea prestatzen hasi da aste honetan, Kutxa Ekogunea erakundearen laguntzarekin. San Joan auzoan kokatu da proiektua eta 30 metro koadroko 32 baratza egingo dira. Joseba Aranburu Ingurumeneko zinegotziak, Rosa Aurkia teknikariak eta Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko Baratze Parke Sareko arduradunak aurkeztu dute proiektua. Obra apirilean zehar amaituta izatea aurreikusten da.
Aranburuk atzoko agerraldian esandakoarten arabera, «nekazaritza jarduera lantzeko ez ezik, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko elkargune bat egokitzea da helburua, aisialdirako gune berri bat sortzeaz gain». Hala, Kutxa Ekoguneko Olaizolak «baratze parkeak erabiltzaileei norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera» eskainiko diela nabarmendu zuen eta «kalitatezko aisialdi aktiborako topagune bilakatuko da ordiziar guztientzat».
Ordizian martxan jarriko den baratza parkeak izaera soziala ere izango du. Premian edo larritasunezko egoeran aurkitzen diren kolektibo edo pertsonei beren kontsumo pertsonalerako erabiliko dituzten elikagaien laborantzarako eremu arautu bat eskainiko zaie.
Nola egin eskaera
Herritarrek norbanako edo kolektibo bezala eskatu ahal izango dituzte euren lursailak. Bost baratza gizarte egoera ahulagoa duten pertsonentzat izango dira, bi baratza interes bereziko kolektiboentzat eta gainontzekoak, herritarrentzat.
Baratzetan interesatua dagoenak eskaera bat aurkeztu beharko du martxoaren 15erako. Epea zabalik dago jada. Eskaera egiteko arreta bulegoan duten inprimaki ofiziala bete beharko dute. Eskaera horrekin batera, NAN-aren kopia eta, dagokion kasuan, langabezi ziurtagiria, erretirodun edota pentsiodun ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.
Epostaz egin daiteke eskaria, rosa@laiacoop.net helbidera idatzita. Eskariak baratzak baino gehiago balira, ezarritako hainbat irizpiden arabera sailkatuko dira eskariak.
Bete beharrekoak
Baratza publikoa eskatzeko hainbat baldintza bete beharko dira: udalerrian erroldatuta egotea, deialdiaren iragarpena argitara eman baino bi urte lehenagotik; Ordiziako Udalaren zerga-betebehar eta gainerako ordainketa guztiak egunean edukitzea; beste baratze baten erabiltzailea den familia unitateko kidea ez izatea; eskatzai-leak edo bere familia unitateko kideren batek ez edukitzea Goierriko eskualdean, ez jabetzan ez gozamen eskubidean edo alokairuan nekazaritza jarduerarako egokia den lursailik.
Interesa duenak, informazio gehiago eska dezake udaletxeko herritarren bulegoan.