Lau baserri bide berrituko dituzte .Udaletxeko etxebizitza konpondu eta plazako etxebizitzen egitura itxi nahi dute . Herriko mapa topografikoa berritzeko asmoa ere badute.
Lierniko plaza.
Otsailaren 14ko udalbatzan onartu zuen Mutiloako Udalak 2018ari dagokion udal aurrekontuaren proiektua; 600.000 euro kudeatuko dituzte aurten. Iaz bezala, aurten ere, udalbatzan onartu aurretik, herritarrekin herri batzarra egin zuten udalaren asmoak jakinarazteko. Proiektu asko diru laguntzekin lotuta egoten badira ere, 2018ko proiektu nagusienak jakinarazi dizkio Iñaki Ugalde alkateak Goierriko Hitzari.
Aurten ere, baserri bideetan jarri dute «fokoa». Lau baserri bide berrituko dituzte: Odio, Sesarripa, Urbizuaran eta Lenkaran baserrietakoak. 45.000 euro aurreikusi dituzte lan horietarako. Errepideekin lotuta, meatze ingurutik barrena Gabiriara doan errepidearen zorua konpontzeko 60.000 euro gorde dituzte.
Aizpuru mendi publikora, berriz, ura eramango dute, Aztiriako ur biltegitik, bertan ibiltzen den ganaduarentzat. «Eguraldia ontzen hasten denean hasiko dira lanak», zehaztu du.
Laugarrren proiektua, 2017ko aurrekontutik datorrena da: Lierniko plaza eraberritzea. Kioskoa kendu egingo dute esate baterako; martxo bukaera alderako aurreikusten dituzte lanak bukatzea. Bestalde, Troi meatze inguruari dagokionean, ibilbide osoa ixteko falta den Gezurmuinorainoko bide zatia bukatzeko 60.000 euroko aurreikuspena egin dute. «Ingurumen Sailaren laguntza bat lortuta dago».
Etxebizitzak
Etxebizitzen gaiarekin dagokionean, udaletxeko eraikinean berritzeko gelditzen den etxebizitza konpontzeko asmoa du udalak; Etxebizitza Sailarekin harremanetan daude. «Ea lortzen dugun irtenbidea ematea. Beraien laguntza beharrezkoa dugu». 55.000 euro gorde ditu lan horretarako. Bestalde, «plazan dagoen etxebizitzen egitura itxi egin nahiko genuke. 6 etxebizitza daude. Proiektua eginda daukagu eta aurrekontua eskatuta daukagu enpresa desberdinei».
Herriko mapa topografikoa berritzea eta lursailen mugak digitalizatzen hasteko asmoa ere badu Mutiloako Udalak.