UZ Trail mendi lasterketa egingo dute igandean
Igande honetan UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxun eta Zumarragan. Otsailera aurreratu dute eta Goierri Kopako bigarren proba izango da. Aurten betiko ibilbidea berreskuratu dute. Iaz ezin izan ziren
Igande honetan UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxun eta Zumarragan. Otsailera aurreratu dute eta Goierri Kopako bigarren proba izango da. Aurten betiko ibilbidea berreskuratu dute. Iaz ezin izan ziren Zumarragan sartu, Dantzari Txiki eguna ospatzen ari zirelako.
Hala, ibilbide luzekoek 22 kilometro osatuko dituzte. Areizaga-Kalebarren plazatik irtengo dira 10:00etan. Beloki eta Izazpi mendiak igoko dituzte eta ondoren Irimora joango dira. 1.600 metroko desnibel positiboa gaindituko dute. Ibilbide motzekoek 11 kilometroko ibilbidea osatuko dute. 800 metroko desnibela gaindituko dute. Beloki eta Izazpi bakarrik igoko dituzte. Lasterketa honetako korrikalariak 10:05ean irtengo dira.
Sari banaketa ekitaldia 14:00etan izango da. Ibilbide luzeko irabazleek txapela, garaikurra, saskia eta hurrengo urteko izen-ematea jasoko dituzte opari. Bigarrenek eta hirugarrenek, garaikurra, saskia eta izen-ematea. Ibilbide motzeko irabazleek garaikurra, saskia eta 2019ko izen-ematea jasoko dituzte opari. Bigarrenek eta hirugarrenek, garaikurra eta izen-ematea.
Dagoeneko 200 lagunek baino gehiagok eman dute izena. 250 korrikalari inguru elkartzea espero dute, aurreko urteetan bezala, gutxi gorabehera. «Tamalez, ez dugu Zegama-Aizkorrikoek bezala zozketa egin beharrik. Ez dugu arazo hori», aipatu du Gorka Azkarate antolatzaileak.
Goierriko korrikalari onenek parte hartuko dutela aurreratu du. «Goierri Kopa lehiatzen ari direnak etorriko dira. Aritz Egearekin ere hitz egin dugu, baina oso zaila izango da etortzea». Proba hau Goierri Garaia klubak antolatzen du. Parte hartu nahi dutenek kirolprobak.com webgunean eman behar dute izena. Bihar da azken eguna. Azkaratek proba kontsolidatuta dagoela dio. «Eskualde mailan gure lekua dugu eta ikusle fidelak ditugu».
UZ Trail Goierri Kopako bigarren proba da. Lehena Garingoa izan zen. Sprint modalitatekoa izan zen eta Beñat Katarain zegamarra eta Itziar Andueza beasaindarra izan ziren goierritar onenak. Urretxuko eta Zumarragako probak Trail eta Sprint modalitateak ditu. Hurrengoa Arriarangoa izango da, martxoaren 17an. Honek ere Trail eta Sprint modalitateak izango ditu. Apirilaren 14koa, Gabiriakoa, Trail modalitatean izango da. Azken biak, berriz, bi modalitateetan egingo dira: Segura eta Zeraingoa maiatzaren 5ean, eta Idiazabalgoa irailaren 9an. Aurten, goierritarren sailkapenaz gain, sailkape orokorra egongo da. Sailkapen honetako onenek ere sariak jasoko dituzte.