Maider Galarza, aurtengo jaialdiko narratzaileetako bat. Arg.: Intujai
Intujai Teatro taldeak antolatzen du Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, eta aurten 11. aldia izango du. Sendotze bidean pauso bat emanda, Donostia, Ataun eta Albizturgo egitarauak batu dizkiete Tolosa eta Ordiziakoei.
Euskal Herrian kontalaritzaren erreferentzia bihurtu da Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdia, eta urtetik urtera zabaltzen eta aberasten ari da egitasmoa. Hasieran, ahozko adierazpideek osatu zuten jaialdiaren muina, baina bestelako proposamenei ere atea ireki diete gerora.
Aurtengo ekitaldiak ere eman du lehen pausoa, joan den ostiralean egin zutelako aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. May Gorostiaga jaialdiaren sortzaileetako batek bertan azaldu zuen moduan, “jaialdia Tolosa eta Ordiziatik beste hainbat gunetara zabaltzea” izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Bi gune horietan bakarrik ez, beste hiru ere prestatu dituzte emanaldietarako: Donostia, Ataun eta Albiztur. Antolatzaileek emandako datuen arabera, ahozkotasunaren hainbat arlo jorratzen dituzten ia 200 artistak parte hartu dute jaialdian urte hauetan guztietan, eta 30 herrialdetako jendea bildu izan da. Gaur hasi eta martxoaren 17ra arte Euskal Herriko zein nazioarteko kontalarien topagune izango da jaialdia.
Gaur egun Intujai Teatro taldeak antolatzen du Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdia, eta duela hamabi urte ekin zioten bidearen errealitatea da gaur egungoa. “Garai hartan, txotxongilo jaialdia prestatzen ari nintzen emaztearekin batera, eta handik sortu zen ideia”, gogoratu du Gorostiagak. Intujai Teatroko kidea zen emaztea bera ere. Gorostiagak azaldu duenez, lan hartan murgildurik zebiltzala, eurengana gerturatu zen German Iburra, Elxeko La Caratula antzerki taldeko kidea. “La Caratulak aspalditik antolatzen zuen ahozkotasunaren nazioarteko jaialdi bat”.
Modu horretan ezagutu zuten elkar bi antzerki taldeek, eta horri esker hasi zen mamitzen gaur-gaurkoz askorentzat euren agendan gorriz markatuta ageri den kultur eskaintza hori. Jaialdiaren sortzaileak azaldu duenez, “harremana sortu eta urtebetera” antolatu zuten lehen jaialdia. “Hasieran, La Caratulak antolatzen zuen jaialdiaren adar bat baino ez zen gurea”. Baina, pixkanaka-pixkanaka, “urteen poderioz eta egindako lan mardulari esker”, bere nortasuna hartuz joan zen jaialdia, eta oso sendotuta dago gaur egun.
Jaialdiaren helburuez hizketan hasita, “dezente” direla nabarmendu du Gorostiagak: “Modu batera edo bestera ahotsa erabiltzen duten artisten lana ezagutaraztea, haiengandik ikastea, edota memoria historikoa mantentzea, esaterako”. Baina helburuak ez dira mugatzen hiru horietara. Izan ere, antolatzaileen hitzetan, ahozko memoria mantentzeaz gain, oso garrantzitsua da berria sortzea ere. “Horrez gain, ibilbide bat eginda daukaten artistak ekartzea eta artista berriei tokia ematea ere bada gure erronketako bat”. Artista berrientzat jaialdia “jauzia egiteko modua” izatea nahiko lukete antolakuntzako kideek. “Harremanak sortzeaz gain, hurrengo aldietarako proiektu berriak eta ideiak landu ahal izateko ere balioko du jaialdiak”.
Urtero legez, “eskaintza polita” daukate prest aurten ere. Besteak beste, Brasilgo Benita Prieto, Kolonbiako Nicolas Alberto Jubo eta Nikaraguako Zoa Tamara Cuellar kontalariak izango dira nazioarteko gonbidatuak. Euskal herritarrak ere bilduko dituzte jaialdian, noski; parte hartzaileen artean izango dira hala nola Dorleta Kortazar, Pello Añorga, Joxe Mari Karrere eta Maider Alzelai. Ohi bezala, urrezko kalabaza banatuko dute martxoren 17an, amaiera ekitaldian: “Hiru sari izango dira. Bertako kontalariek jasoko dituzte horietako bi, eta nazioarteko kontalarietako bati emango diogu hirugarrena”.
Ipuin narrazioen lehiaketa
Ahozkotasunaren jaialdiarekin batera, seigarren urtez ipuin narrazioen lehiaketa ere antolatu dute Ordizian. Nahi duen orok eman dezake izena, eta ahozkotasunaren gala nagusian parte hartzeko aukera izango dute finalista guztiek. Euskal Herrian beste inon ez da egiten halako lehiaketarik, eta, lortzen ari den sonaren erakusgarri, gero eta jende gehiagok parte hartzen du bertan, izan kontalari saiatuak zein hasiberriak. Antolatzaileen esanetan, “aro berri batean” sartuko da jaialdia. “Eta bultzada garrantzitsua emango dio euskal kontalaritzari”.
Gorostiagak aurkezpenean zehaztu zuen moduan, jendea, dagoeneko, ari da izena ematen, baina parte hartu nahi dutenek oraindik ere badaukate aukera. Martxoaren 3an izango da ipuin lehiaketa, Ordiziako D’elikatuz zentroan, 19:00etan hasita. Iñaki Carreterok egingo ditu aurkezle lanak, eta artista gonbidatua ere izango dute bertan: Iban Morteno narratzailea.