Arantxa Tapiak "lankidetza" eskaini die Goierri Valleyko ordezkariei
Goierri eskualdeko eraldaketa industriala lideratzeko helburuarekin sortutako Goierri Valley elkarteak, Batzar Orokorra egin du gaur, Ampo enpresaren egoitzan Idiazabalen. Pasa den ekitaldiko memoriaren deskargua burutu eta 2018ko kudeaketa plana eta aurrekontuak onartzea izan dira landu dituzten gaiak. Elkarteko enpresetako ordezkariez gain, Ekonomia Garapena eta Azpiegitura Sailburua, Arantxa Tapia, bertan izan da eta batzarra hasi aurretik proiektuak duen “garrantziaz” aritu da. Mankomunitateko lehendakaria Felix Urkola eta Idiazabalgo alkatea Ioritz Imaz ere bertan izan dira.
Sailburuari gonbidapena onartzagatik eskerrak ematen hasi da Jose Luis Perez, Orkli enpresako ordezkaria eta Ampori, batzarrerako bere egoitza luzatzeagatik. Jarraian, gogoratu du, “Goierri Valley orain dela bederatzi hilabete aurkeztu” zutela Beasainen eta egun hartan, “elkartearen helburuak eta 2017an burutzeko lehenengo ekintzak zehaztu”zituztela. Etorkizunera begira, “elkartea, Goierriko industria ereduaren transfomazioaren motorra bilakatzeko helburuarekin sortu” zela ere gogorarazi du Perezek.
Izan ere, “Goierri euskadiko eskualde industrializatuena” dela adierazi du Orkliko ordezkariak eta “Goierri Valley aktore nagusietako bat” dela ere esan du. Goierri Valley sortu zenean, 33 enpresa batu ziren elkartera eta orain “54 enpresek osatzen” dutela jakinarazi du, gainera, “2018an 60 enpresa baino gehiago batzea espero” dutela ere argitu du. Une honetan, “6155 lanpostu” sortzen dituzte Goierrin eta “2.903 milioi euro fakturatu” dituzte, “%3a I+G+Bra bideratuz”.
Hasitako bideari jarraipena eman ahal izateko, “guztion aldetik inplikazioa eta parte hartzea behar-beharrezkoak” direla nabarmendu du Perezek, “Goierriko enpresena, eskualdeko udaletxeena eta baita Eusko Jaurlaritzarena ere”.
Arantxa Tapia, bere aldetik, “elkarlanerako prest” agertu da, “Eusko Jaurlaritzarentzat Goierri Valleyk egiten duen lana oso garrantzitsua baita”. Horregatik, “orain arteko ekimenak ezagutu ondoren, jaurlaritzak enpresentzat duen programa eskaintzaz” aritu da enpresarien aurrean, eta “laguntzeko helburuarekin, jaurlaritzak mundu mailan dituen erlazioak enpresen eskura jarriko” dituela nabarmendu du. Izan ere, “eskualdearentzat, herritarrentzat eta Euskadirentzat Goierri Valley proiektu oso ona” dela adierazi du, eta horregatik, “elkarte bezala hor egotea behar-beharrezkoa” dela gehitu du.