Antzizar Kiroldegiko bazkideek dohainik erabili ahal izango dute rokodromoa; bazkide ez diren helduek, 5,75 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek erdia.
Beasaingo Antzizar Kiroldegian zegoen rokodromoa berritu eta erabiltzeko prest dago dagoeneko. 2017an EH Bilduk udal aurrekontuari egindako ekarpenen artean zegoen rokodromoa berritzearena eta 50.000 euroko kostua izan dute lanek. Aitor Aldasoro alkateak aurkezpenean, eskerrak eman dizkio EH Bilduri “ideia botatzeagatik” eta Tarrago etxeari, “proiektua gauzatzeagatik”.
Tarrago etxeak egin du rokodromo berria. David Tarragoren esanetan, bi altuerakoa izatea da ezaugarririk nagusiena: “bakarra da”. Boulderraren gainean, kokatu dute hasi berrientzako gunea. Boulderrari gainera, leihoa jarri diote, “etxeko gela batean eskalatzen ariko bagina bezala irudikatzeko, eta aldi berean, argi naturala sartzeko”. Paretan goran soken laguntzarekin eskalatu nahi dutentzat ere prestatu dute pareta.
Rokodromoa gris, txuri eta hori koloreko irudi geometrikoz margotu dute, Antzizar Kiroldegiko logotipoaren koloreak erabiliz. Leire Gurrutxagak egin du diseinu lana.
Arrastaka mendi taldeko eskalatzaileak bertan izan dira rokodromoa estrenatzen eta oso gustura daude emaitzarekin. Gainera, Beasaingo eta eskualdeko eskalatzaileen topagunea bilakatuko dutela uste dute.
Sarrerak eta baldintzak
Rokodromoaren erabilpenari dagokionean, Elena Ruiz Kirol zinegotziak nabarmendu dutenez, Antzizar Kiroldegiko bazkideek dohainik erabili ahal izango dute rokodromoa; bazkide ez diren helduek, 5,75 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek erdia. 20 sarrerako abonua ere eskuragai egongo da: helduek 60 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 30.
Rokodromoan ibili ahal izateko derrigorrezkoa da federatuta egotea eta 16 urtetik beherakoek heldu batekin joan beharko dute.