Getxoren aurkako euskal derbia jokatuko du bihar Ampo Ordiziak
Ohorezko dibisioko Heinekin ligako 17. neurketari dagokion partida Getxo Artearen kontra jokatuko du Ampo Ordiziak, bihar, larunbata, 16:00etan, Getxon. Ez daude une gozoenean bizkaitarrak, izan ere sailkapeneko azkeneko tokian daude, 10 punturekin soilik eta maila galtzeko mehatxuak itzala eginez Faduran.
Hori gutxi balitz, German Haeffeli jokalaria baja dute lesioagatik. Leandro Buera argentinarra ekartzeko aukera izan dute baja hori betetzeko.
Ordiziarrak berriz animo oso onarekin daude, Altamiran segidan jokatu dituzten hiru partida irabazi eta sailkapeneko seigarren tokia hartu eta gero, gora begira daude eta. Aurretik dituzte, laugarrena eta bosgarrena sailkapenean bata bestearen atzetik, Senor Independiente eta U.E. Santboiana.
Dena dela, neurketa erraza ez da izango Marotias eta Garmendia entrenatzaileentzat eta euren jokalarientzat, Fadurako taldea borrokatzera atera baita. Beraz, lana egiteko prest joan beharko dira goierritarrak. Zale asko gerturatzea aurreikusten da, izan ere, Ordiziako taldeak autobusa antolatu du eta euren kabuz joango direnak ere asko izango dira.