Gipuzkoako Kirol Federatuaren 2017ko Saria jaso berri du Iraetak (Legazpi, 1952). Orain 50 urtetik kirol mundua suspertzen dabil, saskibaloian bereziki. EAJko zinegotzia ere bada.
Aspaldi lotu zinen saskibaloira.
Zumarragako La Salle eskolara joan nintzen maestria ikastera eta han saskibaloi talde bat osatu genuen, La Salle Castelblanch. Migel Sagarribairekin, Epifanio anaia, hasi ginen entrenatzen. 16 urte nituen nik.
Jokalari izan zinen beraz entrenatzaile baino lehenago.
Bai, behin La Sallen ikasketak amaituta, Goierriko saskibaloi saila martxan jarri genuen Jose Luis Esnalekin. Ordurako beste sail batzuk bazeuden. Jokatzen jarraitu nuen 21 urterekin soldaduskara joan nintzen arte [irribarre bat].
Ez didazu bada esango soldaduska Sidi Ifnin-edo egin zenuela?
[Irribarrea zabaldu du] Aaiun-en (Mendebaldeko Saharako hiriburu nagusia).
Eta zer egin zenuen han?
Euskara ikasi. Neskalagunak, egungo nire emazteak, liburu bat bidali zidan eta harekin euskara ikasteari ekin nion. Gure aitak bazekien, baina ama Errioxakoa zen eta ez zekien. Bueltan gau eskolan aritu nintzen eta EGA ere atera nuen. Hamahiru hilabete egin nituen Aaiun-en.
Saskibaloian jokatuko zenuen han?
Bai, taldea geneukan. Hasieran hondartzan bertan zegoen kanpaleku batean egon ginen. Sekulako beroa egiten zuen arren, ez ziguten bainua hartzen uzten. Zergatik? Bada legionarioak soldadu bila etortzen zirelako eta haiek igerilekuak zituztela saltzen zigutelako. Kanpaina hura amaitu zenera arte ez ziguten itsasoan bainatzen utzi.
Kanpalekuan egon ondoren saila aukeratzen zenuen. Bazegoen bat tropa nomadak izenekoa, nik hura hautatu nuen desertuan ibiltzeko. Garai hartan Fronte Polisarioak lehenengo ekintzak egin zituen. Azkenean, koartelera bidali ninduten. Ez nintzen tropa nomadara joan, baina koartelean ere gerra giroa bizi izan nuen. Nik egunero tropak zeuden kokalekuak eraman behar nizkien goi karguei, ondoren koordenaden paper haiek txikitu behar nituelarik. Inteligentzia militarra puri-purian zegoen, hainbesteraino ze entzuketa zentro itzela zuten eta Aaiunetik Rabatera hitz egiten zen guztia bertatik harrapatu zezaketen. Soldaduskak Legazpitik ateratzeko balio izan zidan, orduko hainbat lagunekin oraindik ere harremana daukat.
Goierritik Andraitz Legazpiko saskibaloi talderako bidea nolakoa izan zen?
Goierrin, batik bat, eskubaloia lehenesten zuten. Saskibaloiarekin 1980ko hamarkada hasieran hasi ginen. Nik 1983an titulua atera nuen, Mallorcara (Herrialde Katalanak) joan nintzen. Antonio Diaz-Miguel Espainiako aukeratzaile nazionala izandakoarekin hamabost egunez ikasten aritu nintzen. Entrenatzaile titulu horrekin ACB-an ere entrenatu nezake!
Gure bigarren semea jaio berritan joan nintzen, atzera begiratuta etxekoek emandako laguntza guztia izugarri estimatzen dut.
Eta Andraitz taldearen sorrera?
Aizkorri mendilerroko punturik altuena zelakoan, Andraitz izena jarri genion taldeari behin Goierritik banandu ginenean. 1984-1985 izan zen gure lehenengo denboraldia. Ordutik, batik bat, entrenatzaile ibili naiz eta oraindik banabil. Delegatua ere izan naiz, zuzendaritza taldeko kide, gidari, masajista… Denetarik egin dut. Orain infantil mailako taldea entrenatzen dut. Eskola kirolean ere, epaile lanak egiten ditut.
Gipuzkoako Kirol Federatuaren saria jaso duzu.
Egia esateko sariak ematen hasten zaizkizunean erretiroa hartzeko tenorea ez ote den iritsi bururatzen zaizu… Nahiko nuke, baina entrenatzaile erreleboa aurkitzea zaila da, orain konpromiso falta dago. Lana eskatzen du, hiru entrenamendu astean eta asteburuan partidak, ez dugu jende berria aurkitzen. Halaber, jokalarien aldetik ere zaila da entrenamenduetan jokalari guztiak egotea.
Erreleboarena zaila da orduan…
Bai. Atzetik norbait baletor gustura utziko nuke eta saskibaloi eskolan arituko nintzateke. Alabaina erreleborik ez eta niretzat jarraitzeko aitzakia ere bada saskibaloia ikaragarri gustatzen zaidalako. Nire bizitzako denbora asko eskaini diot saskibaloiari, baina ongi inbertitutako denbora izan da beti ere. Nirekin bidea egin duten lagunak ere baditut Jose Anjel Samaniego eta Antxon Telleria urte luzetan entrenadore ibili dira eta Aitziber Arizti hasi berri da. Andraitzek lau talde ditu gaur-gaurkoz eta dauzkagun baliabideekin hori da gure muga.