«Transplantearen ostean mirari gisa ulertzen dut bizirik egote hutsa»
Jose Manuel Bereziartua Bere-ri (Urretxu, 1963) gibela transplantatu zioten orain dela zortzi urte. Hondatutako gibelaren ordez beste bat jarri zioten eta ...
Jose Manuel Bereziartua Bere-ri (Urretxu, 1963) gibela transplantatu zioten orain dela zortzi urte. Hondatutako gibelaren ordez beste bat jarri zioten eta «hari esker bizirik» dagoela dio. Bizikletan ibiltzen da, margotu egiten du, kazetari lanak ere egin izan ditu. Bizitza normala egiten du. Otsailaren 27an Transplanteen Nazioarteko Eguna izango da. 2017an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 282 herritarri organu transplantea egin zieten; gehienak, giltzurrun transplanteak izan ziren. Azken hamar urteetan 2.494 transplante egin dira. Donazio tasa 70,3 emailekoa da milioi bat biztanleko. Transplante bakoitzaren atzean historia bat dago. Jarraian dator Bereziartuarena.
Non hasten da zure transplantearen historioa?
Haurra nintzela aldaka gaizki neukan eta hainbat ebakuntza egin zizkidaten. Odol-transfusio batean hepatitis AB sartu zidaten. Garai hartan ez ziren egun bezala ebakuntza geletako baldintzak zaintzen. Egia esateko, sekula ez nion kasu gehiegirik egin hepatitisari, baina denborarekin gaiztotu egin zen.
Gaztetan, astakeriarik egin ez nuen arren, bolada batean ez nintzen behar bezala zaindu. Ez nintzen medikuarengana joaten, banekien hepatitisa nuela eta azkenean, 45 urte inguru nituenean gaixotasuna asko konplikatu zen.
Zer gertatu zen?
Gibelak, gaizki badago ere, ez du abisatzen. Nirea oso zigortuta zegoen, zirrosia nuen. Bestelakoan ongi nengoen, arnasa ondo, bihotza ondo… Gibelak, ordea, ez zuen ongi funtzionatzen eta hori jartzen hasi nintzen, ahul sentitzen.
Nireak bueltarik ez zuela esan zidaten eta transplante bat behar nuela. Beste gauza batzuk pilatu zitzaizkidan garai hartan; lanik gabe geratu nintzen eta albistea gogorra izan zen.
Zer sentitu zenuen?
Mundua gainera etorri zitzaidan. Egun transplante bat ez da garai batean bezain latza. Gurutzetan egingo zidaten, Bizkaian. Han egiten dituzte penintsula iparraldeko guztiak. Ordurako 800 bat eginak zituzten eta eskarmentu handia zuten.
Aurretik uste asko dituzu, benetakoak diren edo ez jakin ez arren. Transplante bat gaur-gaurkoz nahiko segurua da, ongi aterako denaren probabilitatea handia da.
Zeintzuk izan ziren epeak?
Itxaron zerrendan sartu ninduten. Zure egoeraren arabera kokatzen zaituzte zerrenda horretan. Premia latzena duena, beranduago etorri arren aurrerago jarriko dute zerrendan.
Ni bestela ongi nengoen eta itxaroteko aukera nuen. Itxaron zerrendan zaudela emaile egoki bat agertu behar da; odol mota berbera, antzeko ezaugarriak eta gorputzaren tamaina ere garrantzitsua da.
Nolakoa izan zen itxaronaldia?
Nahiko lasaia. Azkenean denera ohitzen zara. Orduan bikotekidea nuen eta Idoiak asko lagundu zidan. Dena prestatzeari ekin genion, jendea bilatu genuen laguntzeko. Izan ere, transplantea egiteko deitzen dizutenean ezin duzu «bihar noa» esan eta deia bat-batekoa da.
Froga asko egin zizkidaten itxaron zerrendan nengoela. Tarte horretan medikuari arnasa hartu behar nuela esan nion eta haren baimenarekin mendira joan nintzen astebetez bakarrik. Ongi sentitzen nintzen eta behar nuen. Redesera joan nintzen, Asturiasera, eta han otso artean ibili nintzen. Itzultzean etxean zain egon nintzen.
Halako batean Gurutzetatik deitu zizuten arte.
Bai. «Emaile bat dago, Gurutzetara etorri», esan zidaten telefonoz beste aldetik. Lagunak ohartarazita genituen eta haietako batek Durangoraino eraman ninduen, Bizkaian. Bidean, baina, galdu egin ginen eta Debaraino iritsi ginen jainkoaren inguruko solasaldi batean murgilduta geundela. Durangon neskalagunak jaso ninduen eta elkarrekin joan ginen Gurutzetara.
Itxaronaldiak zenbat denbora iraun zuen?
Hiru hilabete. Zorte handia izan nuen. Emaile bat dagoela esan ahal dizute, azken unean arazoak sortu eta bertan behera utzi transplantea. Gerta liteke, baita ere, ebakuntzarekin hasi, arazoak sortu eta anestesiatik transplantea egin gabe itzartzea.
Ospitaleratu ninduten eta mediku bat etorri zitzaidan. Biharamuneko goizeko bederatzietan hasiko zela ebakuntza. «Bilbotarra zara?», galdetu zidan, nik ezetz eta orduan anestesia jarri beharko zidatela esan zidan txantxetan. Bitxia egin zitzaidan ebakuntza gelan ere, ni hil ala biziko egoera ba-tean egon, eta hango profesionalak egunerokoaz hitz egiten entzutea. Transplante bat haientzat eguneroko lana zen.
Esnatu, eta zer?
Ebakuntzak zortzi ordu iraun zuen. Esnatu nintzenean amaginarreba ikusi nuen eta biok hilda geundela edota ebakuntza ongi atera zela pentsatu nuen. Eta berpiztu izanaren sentipena izan nuen.
Ebakuntza ondoreneko lehenengo egunetan dena lausoa izan zen.
Aitzitik, gibel berria zenuen.
Halako egoeran bi muturrak daudela esango nuke. Ezer berezirik ez duzula sentitu edo tope sentitu duzula dena. Hil ala biziko ebakuntza batetik irtenda edozer gauza.
Emailearen senideekin komunikatzea bururatu al zaizu inoiz?
Egia esan ez, protokolo bat dago gainera. Ez diot buelta asko eman. Bizirik nago eta esker ona sentitzen dut barru-barruan. Eskertuta nago emailearekin, haren senideekin eta Osakidetzarekin ere.
Azalduko zenuke Osakidetzarena?
AEBtan, esate baterako, transplantatzen duten gibela ez dute kobratuko, baina ebakuntza bai. Gurean, 150.000 euro balio duen ebakuntza bat doan egiten dizute. Osakidetza kritikatu dezakegu, alabaina zer dugun ez dakigu. Mekanikoa ematen du organu bat atera eta beste bat jartzea, magia trikimailu bat; medikuntzan egongo da zailagoa denik, transplante bat ez da erraza halere. Ni orainidik harritu egiten naiz, emaile bat dago, haren senideak daude, zirujau bat dago, bere lantaldea egunerokoari buruz hitz egiten dago eta guzti-guztiek bizirik egon nadin lagundu dute. Orduan, giza pertsonok onena egiteko gaitasuna ere badugula konturatzen naiz.
Zain daudenei zer esango zenieke?
Jarrera positiboa oso garrantzitsua dela. Nik bizitza normala egiten dut, bizikletan, igerian, margotu egiten dut… Transplantearen ondoren, mirari gisa ulertzen dut bizirik egote hutsa.