Hiru egunetan LegoReggae jaialdirako sarreren ia erdiak saldu dituzte
Jaialdiaren laugarren edizioa martxoaren 10ean izango da. Taldeak ekartzeko arazoak izan dituzten arren, antolatzaileak gustura daude osatu duten kartelarekin
LegoReggaeren antolatzaileek jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute Legorretan eskaini duten prentsaurrekoan. Aurtengo jaialdia martxoaren 10ean izango da, eta hiru egunetan sarreren ia erdiak saldu dituzte. Talde batzuk ekartzeko azken orduko arazoak izan badituzte ere, antolatzaileak oso gustura azaldu dira lortutako kartelarekin.
Talde eta artista ugari oholtzaratuko dira aurten ere. Besteak beste, Xiberoots eta Glaukoma taldeak etorriko dira Euskal Herritik, Under Selector Kataluniatik, eta LMK eta Irie Ites Frantziatik. Jamaikatik ere bi artista gerturatuko dira: Stranjah Miller eta King Kong hain zuzen ere.
Kalejira musikatuarekin ekingo diote 4. edizioari, arratsaldeko 18:00etan, iaz izan zuen arrakasta dela eta. Bass Herri Sound System Uribe kostako taldea izango da Legorretako kaleak berotzen. Gaueko kontzertuak, berriz, 22:00etan hasiko dira, eta aurten ere Harripila Kiroldegian izango dira.
Berezitasun gisa, bukle-magnetikoa jarriko dute aurten, entzumen arazoak dituzten pertsonek jaialdiaz gozatu ahal izan dezaten. Honekin, berdintasuna bultzatzea eta ahalik eta jende gehien biltzea dute helburu.
Sarrerak 10€an daude salgai hainbat lekutan: hasteko, Legorretan, Gaztetxean, Ezkizun eta Olason; Ordizian, Sugaarren, Kirkilen eta Leizean; Beasainen berriz, Koyote zaharrean eta azkenik, Tolosan, The Nesten. Ticketean ere salgai daude sarrerak, internet bidez erosi nahi izanez gero.