12. Sahara Krosa ospatu dute Ormaiztegin, Mohamed Salem Hach Embareken omenez
Izaro Rubio eta Jokin Muñoz izan dira lasterketa luzearen irabazleak. Bertan lortutako dirua Gipuzkoako Saharar herrialdearen aldeko elkartera bideratuko dute
Sahara Krosaren 12. ekitaldia egin dute gaur Ormaiztegin, Mohamed Salem Hach Embareken omenez. Aurtengo edizioan 200 pertsona inguruk hartu dute parte, eta bi ibilbide ezberdin egin dituzte: 5,4 kilometrokoa batzuek, eta 10 kilometrokoa besteek. 11:00etan abiatu dira korrikalariak, bi ibilbideetakoak elkarrekin. Izaro Rubio eta Jokin Muñoz nagusitu dira luzean, eta motzean aldiz, Adrian Pajares eta Irati Mendia izan dira garaile.
Herri sahararrari elkartasuna erakusteko sortu zen duela 12 urte lasterketa hau, Mohamed Salem Hach Embarek hil zenean. Ormaiztegin bizi zen Salem, eta bertakoek ”Pakito” deitzen zioten. Nazioarteko diplomazia lanetan hainbat urte igaro zituen, eta garai haietan Euskadiko Saharawuien Delegazioarentzat lanean zebilen.
Lasterketari esker lortutako dirua Gipuzkoako Saharar herriaren aldeko elkartera bideratzen dute urtero, haiek Saharako gobernuarekin hitz egin eta diru hori zertarako erabili erabaki dezaten. Iaz, esaterako, edateko ura erosi ahal izan zuten Ormaiztegiko Krosean lortutako diruarekin.