Prozesioa berreskuratuko dute aurtengo Aste Santuko Erramu igandean
Duela 40 urtetik ez da Legazpin prozesiorik egiten. Zortzi paso aterako dituzte 48 lagunen artean eramanda. Orain urtebete hasi ziren lanean eta 70 legazpiar bildu ditu ekintzak
Legazpin ez da Aste Santuko prozesiorik egin azken 40 urtean. Aurten egingo dute eta egin dadin 70 bat lagunek osatutako taldea lanean ari da. Erramu igandeko arratsaldean aterako dira. Zortzi paso irtengo dira elizatik 48 emakumezkok eta gizonezkok zamatuak. Nafarroa kaletik joango dira eta Kale Nagusitik itzuliko dira parrokiara.
Iazko Aste Santuan Iñigo Mitxelena parrokoak bizpahiru legazpiarrekin topo egin zuen kalean. «Segurara joatekoak zirela esan zidaten eta Legazpin prozesioak berreskuratu ahal ziren galdetu. Nik baietz erantzun nien, akaso jendea aurkitzea izango zela zailena», azaldu du. WhatsApp talde bat sortu zuten eta hamabost egunen buruan 30 bat partaide zituen. Orain 70 legazpiar inguru ari dira lanean.
«Prozesioak urtetan egin ez badira ere, zorte ona izan dugu garai batean ateratzen ziren elementuak gordeta zeudelako», dio parrokoak. Gorde zituzten irudiak eta zamatzeko beharrezkoak diren egiturak. Haiek garbitzen eta konpontzen eman dituzte aurreko hilabeteak.
Hiruzpalau emakumek pasoak eramateko gogoa agertu dute eta Mitxelenak esan duenez, «ez diogu inori aterik itxi». Irungo hainbat lagunek lagunduko diete han ere ohitura berreskuratzekoak baitira. Aurten, halere, ez dute egingo eta Legazpin izango dira bertakoei laguntzen. Parrokoak Gipuzkoan bi herritan baino ez dela tradizio hori gorde gogoratu du, hain zuzen, Seguran eta Hondarribian. «Legazpin prozesioa egiteko eguna aukeratzerakoan, Segurakoarekin ezin ginela lehiatu eta Aste Santuko oporretan jendea joaten denaren jakitun, Erramu igandea aukeratu genuen».
Pasoetako irudiak
Urte luzetan Legazpiko parrokian gorde dituzten irudiei dagokienez, Mitxelenak esan duenez, «ez dira irudi onak ezta oso aspaldikoak ere. Badago Nazareno bat oso hondatuta dagoena eta hura ez dugu aterako. Beste zortzi konpondu ditugu, behin lanerako prest dagoen jendea aurkituta antzekoa baita lau edo zortzi konpontzea». Besteak beste, San Migeleko ermitan zegoen XVIII. mendeko egurrezko Kristo gurutziltzatu bat eta XIX. mendeko egurrezko Ama Doloreetako bat aterako dituzte. Beste irudi gehienak eskaiolazkoak dira: «1940ko hamarkadan Iruñean (Nafarroa) beste irudi batzuk erosi zituzten, arinagoak izanagatik guztiak eskaiolazkoak». Egur zein igeltsu errezko figurak aterako dira pasoetan.
Gordetako arroparik ez zegoen, berriz, elizan. Edonola ere, parrokoak azaldu duenez, «tunikak eta kapirote berriak nork josi aurkitu dugu». Katekesiaren bueltan dabiltzan haurrek osatuko dute prozesioa, «familia osoak aterako dira, baita gazteak ere».













