'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina Goierrira itzuli da. Beasainen aurkeztu badute ere, txoko askotara zabaltzeko asmoa dute. Topaguneak antolatzen duen ekimena da

Goierriko zenbait herrik bat egin dute, beste urte batez,
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainarekin. Ekimena bera, martxoaren 12tik maiatzaren 31ra arte luzatuko bada ere, ondoren herri bakoitzak bere forma emango badio ere egutegiari.
Kanpainaren beraren helburuak irakurzaletasuna bultzatzetik harago doa. Liburutegi publikoen erabilera sustatu nahi da, baita euskarazko literaturaren ezagutza zabaldu eta euskal liburugintza indartzea ere, herritarren kultur kontsumoan euskararen presentzia indartzeaz gain noski.
Topaguneak antolatzen duen ekimena da, Euskara Elkarteen Federazioarekin bat, eta ondoren herri bakoitzean bertako eragileak batzen zaizkio.
Lazkaon Gerriko Kultur Elkartea, Gerriko liburudenda, Ikastola, Maizpide euskaltegia eta udala dira tarteko. Beasainen ere hainbat entitatek hartzen dute parte. Udaletik eta liburutegitik hasi, eta euskaltegi eta irakurle talderaino.
Bihartik aurrera ekintzak
Irakurzaletasunari bultzada handiagoa emateko asmotan, Beasainen bihartik aurrera izango dira euskara eta literatura bultzatzeko ekimenak.
Xabier Matarranz kultur zinegotziak azaldu duenez, bihar hasi eta ekainaren hasierara arte antolatuko dituzte Beasainen ekintzak. Martxoaren 1ean, Igartzako jauregian Literatura Bekan saritutako liburuaren aurkezpenarekin hasiko da literaturaren olatua.
Denbora tarte horretan zehar eskainiko dituzten ekintzak ere azaldu zituzten, hitzaldi, aurkezpen eta tailerrak tarteko. Irakurle taldetik Jexux Goikoetxea, Euskaltegitik Maripaz Martin eta udal liburutegitik Olaia Eskitxabel izan ziren atzoko aurkezpenean, besteak beste.
Literatura oparituz
Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna dela kontutan hartuta,
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainak literatura mugitu nahi du herritarren artean, martxoaren 12tik aurrera.
Ekimena euskarazko liburu baten irakurketarekin abiatzen da. Behin hau amaituta, horri buruzko fitxa bat bete behar da galdera batzuei erantzunez. Fitxa dagokion tokian entregatu eta liburuzainak erosketa txekea emango dio parte hartzaileari. Horrekin irakurketa-liburu bat erosteko %35eko deskontua lortuko da, norberarentzat zein oparitan emateko, literatura elkarbanatuz. Ez da hori aurrezteko modu bakarra izango, partaideen artean 30 euroko baleak ere banatuko baitira.
Euskal Herrian 50 herritan baina gehiagotan jarriko da ekimena martxan euskal literatura zabaltzeko asmotan.