Pagoetako haurreskolan jarriko dute Emakumeen Etxea
Ikasturte honen hasiera arte Urretxu-Zumarraga Ikastolaren haurreskola hartu duen eraikina Emakumeen Etxea izango da aurrerantzean. Udalak uzten zion eraikinari uko egin dio, Haur Hezkuntzako ikasleak eraikin berrira eraman baititu. Urretxuko
Ikasturte honen hasiera arte Urretxu-Zumarraga Ikastolaren haurreskola hartu duen eraikina Emakumeen Etxea izango da aurrerantzean. Udalak uzten zion eraikinari uko egin dio, Haur Hezkuntzako ikasleak eraikin berrira eraman baititu. Urretxuko Udalak, Urola Garaia Mankomunitateko Berdintasun sailaren egitasmo estrategikoetako bat Emakumeen Etxea zela jakinik, haurreskolaren eraikina eskaini zuen duela jada bi urte.
Mankomunitateak proposamen hau begi onez ikusi zuen eta joan zen asteko osoko bilkuran udalbatzak eraikina uztea onartu zuen.
Mankomunitatea arduratuko da eraikina zerbitzu berriaren beharretara egokitzeaz. Lehenengo lanak aste honetan bertan hasiko dira, 8.765 euroko aurrekontuarekin. Dena den, lanik handienak udaberrian egingo dira.
Mankomunitatearen helburua Emakumeen Etxea emakumeen topagune izatea da. Bertan, berdintasunaren alde lan egiten duten talde, elkarte eta zerbitzuek lan egingo dute. Espazio sinboliko horrek indarrak batzeko eta sinergiak sortzeko balioko du.
Zerbitzu integrala eskaintzea nahi denez, Urola Garaia Mankomunitateko Berdintasun teknikariek bertan lan egingo dute eta ahalduntze eskola bertara eramango dute.
Eraikin honetan emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa bultzatuko dituzte. Erabaki guneetan parte hartzeko zailtasun gehien dituztenak aintzat hartuko dituzte. Horretarako guztirako ikastaroak, sentsibilizazio jardunaldiak eta topaketak antolatuko dituzte, besteak beste.
Ekintza horiek guztiak oso garrantzitsuak dira emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko. Emakumeen Etxearen erabilera zehazteko, parte hartze prozesu bat abian jarri dute. Prozesu honetan herritarrak eta adituak parte hartzen ari dira.
Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan Emakumeen Etxea dute dagoeneko. Ermuan, Basaurin, Durango eta Donostian, besteak beste.