Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkarrek elkarlanean antolatutako 19. Igartza Literatur Bekaren emaitza da. Gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian aurkeztuko dute.
Aitor Aldasoro, Xabier Mendiguren, Ekaitz Goienetxe eta Joxe Begiristain.
Igartza Literatur Bekaren 19. edizioa irabarazi zuen Ekaitz Goienetxea bermeotarrak gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian jasoko du 6.000 euroko bekaren bigarren erdia; gau aurkeztu baitu urtebeteko epean idatzi duen
Zaldi mamarroa eleberria.
80eko hamarkadan eta gaur egunean kokatutako fikziozko nobela da: «Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak [heroinak]; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere».
Idazlearen esanetan, «jakinminagatik» aukeratu du 80ko hamarkadara jauzi egitea, «Akordu gutxi dauzkat ordukoak, baian, kontatu dizkidaten gauza gehienak urte buelta hartan kokatu dizkidate askok». Bermeon jasotako hainbat testigantzei forma eman die Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… pertsonaiek. «Teknika korala» dela adierazi du aurkezpenean Elkarreko Xabier Mendiguren editoreak. Bermeotarraren esanetan, «rabaki literarioa baino gehiago, diskurtsiboa izan da. Nik ez neukan diskurtso propio bat, ez gaiari ez garaiari buruz. Horregatik egin nituen elkarrizketak, eta horregatik nekien neuk ere, hasieratik, nobela ikuspegi anitzetatik kontatutako istorioa izango zela». Goienetxeak aitortu zuenez, «kontatu zidatenari fidela izan guran, trabatuta ibili naiz hasieran. Pertsonaiekin nahi izan dudana egiten hasi nintzen arte. Fidel izateari utzi eta zenbat eta fikziorago eraman, orduan eta askeago aritu naiz, eta eskerrak, bestela ez nuelako nobela bukatuko. Hau da, liburuko pertsonaiak testitantzatarrak dira jaiotzez, baian hazi eta bizi fikzioan egin dira».
Kokalekua ere fikziozkoa da, Uria eta Herria lotzen dituena: «Pertsonaiekin bezala, espazioarekin ere antzeko zerbait egin behar izan dut, libreago idazteko. Bermeo-moduko zeozer da Herria».
Ekainaren 30era arte aurkez daitezke 21. Igartza Bekako lanak
Beasaingo Udalak, CAF enpresarekin eta Elkar argitaletxearekin elkarlanean antolatzen duen Igartza Literatur Beka «osasuntsu» dago, Xabier Mendigurenen ustez, batez ere «idazleek egindako lanek kategoria» ematen dielako. 21. edizioko oinarriak kaleratu dituzte dagoeneko eta ekainaren 30era arteko epea dago proiektua aurkezteko.
Aitor Aldasoro alkateak gogoratu duenez, bi liburu baino gutxiago idatzita duen 35 urtez azpikoek har dezakete parte; «inoiz ere Igartza Beka irabazi ez duenak». 6.000 euroko beka jasoko du irabazleak. Joxe Begiristain
CAFeko Euskara arduraduna azpimarratu zduenez, CAFek trenak egiteaz gain, euskal kultura bultzatzeko aletxoa jartzen jarraituko du aurrerantzean ere.
Urtebete barru, 20. Igartza Beka irabazitako Miren Amurizaren liburua aurkeztuko dute.