Gabiria eta Legazpiko errepideetan barrena doan zirkuituan bi kilometrotan bidea zabaldu eta asfaltatu dute. 74 lagunek parte hartuko dute, 17 kopilotu emakumeak dira
Datorren igandean Legazpi eta Gabiria lotzen dituzten errepi-deetan jokatuko da XX. Gabiria-Legazpi rallysprinta. 2015ean izan zituzten parte hartze daturik onenak eta aurten 74 partaiderekin gainditu ez, baina berdindu egin dituzte. Halaber, aldaketak egin dituzte zirkuituan, bi kilometrotan trazatua zabaldu eta asfaltatu egin dute.
Pilotuen egutegian denboraldiko lehenengo proba da eta «gogotsu» etorriko direla iragarri zuen Jorge del Cid Lagunartea eskuderiako kideak. Legazpin herenegun iluntzean egindako aurkezpenean, del Cidek gogora ekarri zuen orain hogei urte autokros zirkuitu baten bila Gabiria aldera iritsi ziren eguna, «begira ordutik nora iritsi garen», gehitu zuen aurtengoa hogeigarren ekitaldia dela nabarmenduz. Korta jatetxearen lankidetzari azpimarra egin zion del Cidek eta urte hauetan guztietan emandako babesa eskertu zien.
Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakari Angel Gurrutxagak esan zuen Goierriko proba «erreferente» bihurtu dela eta «pilotuei zein ikusleei bereziki gustatzen zaie zeren zirkuitua ez baita gidatzeko erraza».
Legazpiko nola Gabiriako alkateak pozik agertu ziren proba euren udalerrietan eginagatik. Koldobike Olabidek orain bost urte Legazpin amaitzen dela gogoratu eta proba bertan izatea «plazera» dela esan zuen. Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkateak zera adierazi zuen: «Gabiriarentzat oso onuragarria da eta Lagunarteko antolatzaileak zoriondu nahi ditut. Ikusleei antolakuntzak eskatutakoa betetzea ere eskatu nahi diet».
Lagunarteako Jorge del Cidek Etxezarretaren eskaera berretsi zuen: «Etxe inguruak nola bi-deak hutsik utzi behar dira, bestela datorren urtean proba antolatzeko baimenik ez dugu lortuko. Ikusleek zinta gorria erres- petatu dezatela».
Punta-puntako pilotuak
Igandeko rallysprintean parte hartuko du Jon Etxeberria pilotu legazpiarrak. Zirkuituan egindako aldaketen gainean galdetuta, Etxeberriak honakoa adierazi zuen: «Zirkuitua nahiko aldatuta dator, iaz kilometro eta piko egin genuen harriz jositako bi-dean. Aldaketa, gure gusturako, ona da eta denborak jaitsiko direla uste dugu». Iñigo Alustiza pilotu gabiriarrari, bere autoaren ezaugarriak aintzat hartuta, aldaketak ez dio lagunduko, «datozen pilotuen zerrenda ikusita, bat edo beste bidea konpondu dutelako animatu dela esango nuke».
Punta-puntako pilotuak izango dira igandeko rallysprintean Faboritoen artean Enrique Barrenetxea, Gorka Antxustegi eta Txus Jaio aipatu zituzten. Emakumezkoen parte hartzea inoizko handiena da, 17 kopilotu izango dira errepidean; piloturik ez, ordea.
Igandean egiaztatzeak 09:00etan hasiko dira Legazpiko Euskal Herria plazan. Proba 15:00etan hasiko da eta manga bakoitza betetzeko bi ordu inguru beharko dituzte; sariak, 20:30ean, Legazpiko plazan.
Zirkulazioan eta aparkatzeko tokietan aldaketak
Legazpiri dagokionean, igandeko rallysprintak hainbat murrizketa eragingo ditu zirkulazioan nola aparkatzeko guneetan. Gabirian ere aldaketak egongo dira.
Legazpin 08:00etatik ezingo dira ibilgailuak Zorrotz parean aparkatu. Zirkulazioa bi norabideetan etengo da Motxorroko gurutzebidetik Garingo pabilioira arte 09:00etatik 20:00etara.
Ormaiztegitik Gabiriara doan errepidea aparkatzeko gune gisa prestatuko dute eta norabide bakarrean zabalik egongo da. Rallyaren ibilbide osoan aparkatzea debekatuta dago.