Emakumeek planto egingo duten eguna
Martxoaren 8an Emakume Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Urola Garaiko Koordinadora Feministak ere bat egingo du egun horretarako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako ...
Martxoaren 8an Emakume Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Urola Garaiko Koordinadora Feministak ere bat egingo du egun horretarako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin. Greba feminista egitea proposatu dute aurten Emakumeok planto! lelopean.
Greba eguna «lau orduko bi lanuzterekin» egituratuko dela adierazi dute koordinadorako neskek. Goizean, 11:00etatik 15:00etara eta arratsaldean 18:00etatik 22:00etara. Emakumeak geldituta «agerian geldituko da emakumeok planto egiten dugunean gizarte osoa blokeatzen dela» diote, emakumeei mobilizazioetan parte hartzeko deia egitearekin bat.
Gaur egun indarrean dauden eredu ekonomikoaren, indarkeria matxistaren, arrazakeriaren eta kultura patriarkalaren aurkako mobilizazioak izango dira. Urretxun eta Zumarragan bi hitzordu zehaztu dituzte. Lehenengo, 12:00etan emakatea egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan, «nahi duenak erratza, trapua… ekar ditzake emakumeok etxean egiten dugun lana ikustarazteko», nabarmendu dute. Bigarren deialdia 20:00etarako egin dute. Leku beretik irtenda manifestazioa egingo dute bi herrietako kaleetan zehar. Deialdi horietara gerturatu ezin dutenei mobilizazioekin bat egiteko bide ezberdinak daudela gogorarazi diete: «grebaren zabalkundea eginez, egunean bertan besoko more bat jarriz, edo balkoietan mantala edo beste etxetresnaren bat zintzilikatuz», besteak beste.
Jabekuntza eskolatik
Urola Garaiko Koordinadora Feminista 2015ean sortu zen bailara mailako Jabekuntza Eskolaren barruan. Ordu hartatik gaur arte, taldeak bilakaera izan du. «Eboluzionatzen joan gara gure gogoen eta kanpotik iritsi zaizkigun egoeren arabera», esan dute. Momentuaren arabera bost edo zazpi emakumek osatzen dute taldea, gazteak denak. Dena den, bailarako emakumeen sarea handitzen joan dela, eta «momentu jakinetan parte hartzen duten emakume eta eragileei esker» laguntza izaten dutela adierazi dute.
Feminismoa euren kabuz landu dute. Beren ekintzen bitartez, «feminismoaren oinarrizko gogoetak bultzatzen, ezberdintasunak azaleratzen edo begirada feminista azaltzen» saiatzen dira. Erasoen inguruko lanketak ere bideratu dituzte: emakumeei babesa eta informazioa eskaini, erasoak salatu…
Horrelako egunekin jarraitzeko beharra dagoela uste dute, besteak beste, emakumeak batzeko balio dutelako, beren egoerak ikustarazteko.