Lampedusako egurrezko gurutzea Zumarragako elizetan egon da
Lampedusako gurutzea Zumarragan egon da eta herriko sinistunek etorkinen alde otoitz egin dute. Gurutze hori Lampedusan itotako etorkinen txalupetako egurrekin egin zuten eta Frantzisko Aita Santuak gurutzea bazter guztietara eramatea
Lampedusako gurutzea Zumarragan egon da eta herriko sinistunek etorkinen alde otoitz egin dute. Gurutze hori Lampedusan itotako etorkinen txalupetako egurrekin egin zuten eta Frantzisko Aita Santuak gurutzea bazter guztietara eramatea agindu zuen.
2013ko urrian 366 etorkin hil ziren Lampedusan, beraien txalupa hondoratu ondoren. Eritrea eta Somaliatik etorri ziren Europara. Etorkizun hobe baten bila, heriotza aurkitu zuten. Ordutik, 15.000 etorkin baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan itota. 2017an 3.000 baino gehiago hil ziren. Mediterraneo itsasoa etorkinen munduko hilerri handiena da.
Mundu osoan zehar
2014ko apirilaren 9an Izpiritu Santuaren eta Arteen Etxea fundazioak Lampedusan hondoratutako itsasontzietako taulekin egindako gurutze bat aurkeztu zion Aita Santuari. Honek bedeinkatu egin zuen eta toki guztietara eramateko agindu zien.
Gipuzkoara igandean heldu zen eta hilaren 25era arte egongo da bertan. Atzo Zumarragan egon zen eta hilaren 10ean Ordiziako parrokiara emango dute.
Zumarragako ibilbidea mertzedariatarren elizan hasi zuen. Bertan, meza egin zuten. Ondoren,El Salvadorren, errosarioa errezatu zuten etorkinen alde.
Nahi zuten guztiek gurutzea ikusteko eta bere aurrean hausnartzeko eta otoitz egiteko aukera eduki zuten, lehenengo El Salvador auzoko elizan eta ondoren Andre Maria Jasokundekoaren elizan.
Gainera, haurrek katekesi saioa egin zuten eta helduek bidegurutzea egin zuten. Bukatzeko, parrokiako arkupeetan kontzentrazio isila egin zuten.
Ekitaldi hauen guztien helburua etorkin eta errefuxiatuei bihotzak zabaltzea eta mundu hobe bat eraikitzea da.